Larrepetit

'Homo reciprocans'

2011ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Neguak biluzitako zuhaitzak hiriko paisaian nagusitzen dira, beren adar-egituren diseinuekin zeru grisaren kontra lerroak irudikatuz. Obsesionatuta nabil ikusgarri dauden txoriek eraikitzen dituzten habiekin, normalean hegaz egiteko ahalmenagatik inbidiaz begiratzen diegun horiek beren babestokia sortzeko gaitasunagatik miretsiz. Izena jarri behar nien idolo xumeoi, eta informatu naiz neguan gure artean bizi diren txoriez; batik bat, txolarreak, kaskabeltzak, zozoak eta amilotxak omen dira.

Zuhaitzen adaburuetan eraikitzen dituzte habiok; aldiz, behealdean, hiritarrek zintzilikatutako oholezko etxetxoek eta jakiz betetako koloretako sareek hartzen dute nire arreta. Dirudienez, asko dira txoriek negua igarotzeko dituzten zailtasunak ezagutu eta beren beste zereginen artean haiei laguntzeko ardura hartzen dutenak.

Homo oeconomicus delakoaren autokrazia aldarrikatuz, gizakiak laguntasunerako joera duela ezeztatzen duen teoria ekonomiko hegemonikoak, bere praktikarekin, elkartasun ekimenei dagokionez anestesiatuta dagoen gizartea sortu du. Gizarteak, liberalizatuta, zatikatuta,globalizatuta, prekariotasunean, saturazio mediatikopean, ez daki solidaritatea nola eta norekin artikulatu. Gizakien eskubideen defendatzaile txinatarrarekin? Europarekin? Paperik gabe, ilegal, gurekin bizi direnekin? Berak bakarrik, bi seme-alaba hezten dituen auzokoarekin? Ez dakigu nondik hasi, eta ez genuke izango non bukatu.

Baina teoria ekonomikoak jarri nahi digun fama txarraren gainetik, edo azpitik, geratzen diren zirrikituetatik, antza, beste homo reciprocans horrek erakutsi nahi du burua: lagundu, ingurua hobetu nahi du. Garai atomizatu hauen zurrunbiloan, gidatuko duen iparrorratzaren faltan, orientazioa galduta badago ere, keinu bat egingo du, besterik ez bada, txoriak neguko izoztetik salbatzeko. Eta, bide batez, bere buruarekin lasaiago egoteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.