Larrepetit

Hurrengo kapitulua

urtzirrutikoetxea
2011ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Zurrunbiloak ez dauka etenik. 11-01-10 inflexio puntua izan zen? Baina bi egun lehenago aspaldiko manifestazioarik jendetsuena ere mugarri izan zen, eta gaur Alternatibak, Eusko Alkartasunak eta ezker abertzaleak aurkeztuko duten proposamenak ere badauka horretatik zerbait. Eta horri emandako erantzuna, bi atxiloketa, gidoiari atxikitako erreakzioak, eta han-hemenkako ñabardurak izena bai baina egun erabakitzeko askorik ez daukatenen aldetik.

Indarkeriaren zikloak Udalbiltzako epaiarekin dauka hitzordua hastear dugun astean, argi baitago menia aldebakarrekoa dela oraingoz. Egunkaria kasuaren ondotik, beretsua beharko luke ebazpenak, baina badakigu fiskaltzaren, hau da, Espainiako Gobernuaren jarrera desberdina izan dela. Partida jokatzen asmatuko balu, eta Espainiarentzat gehiegitxo eskatzea da hori ziur aski, izan lezake biderik hor istorioari dagokion hurrengo kapituluan, ezker abertzalearen alderdiaren legeztapenean. Estatuturik aratzenekin ere, inpugnazioa hortxe egongo delakoan nago. Estatutuek dakartena dakartela, aspaldi ikusi genuen auzia ez zela zer esan, nork esan baizik. Eta gure iritzia eta gure kritikak libre eman dugun milaka herritar eskubide politikorik gabe gaude, behinola bekatu larria egin genuelako, orduan legezko zen zerrenda batean joanda. Baina fiskaltzaren argudioen kontrako epaia balego, Espainiako estatuak bere ale «aratza» jarriko lioke prozesuari, gobernua zipriztindu ere egin gabe. Kontua da horretan interesik ote daukan. Pentsatu nahi dut baietz, badaukala, edo jabetzen dela interesa izan behar duela. Oso urduri sumatzen diren abertzale batzuek baino interes handiagoa daukala esango nuke.

Hurrengo jokalekua, alderdiaren legeztapena. Nazioartetik ezustekoren bat ez badator behinik behin, azken agiriaren egiaztagarritasuna egiaztatzen edo. Irlandan horrelako argazki batek eragin zuena gogoratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.