LARREPETIT

Ijitoak

Castillo Suarez.
2010eko irailaren 21a
00:00
Entzun
Ez ditugu ijitoak maite. Ez ditugu hurbilean nahi, zikinak, alferrak eta axola gabekoak direlako. Horren adibide garbia da Nafarroan matrikulazio garaian gertatzen dena: guraso askok, A eredua aukeratuko luketenek, D eredua hautatzen dute haien seme-alabak ijitoekin ez elkartzeko. Ikastetxe horietan A eredua, pariah direnen eredua da, beraz. Eta zein baztertuagoa ijitoa baino. Gainera, ijitoen kasuan, etorkinekin ez bezala, uste zabaldua da haiek direla ez dutenak integratu nahi, eta horrekin gure kontzientziak lasai edukitzen ditugu.

Gogoan dut, haurra nintzela, gurasoekin eta osaba-izebekin joaten ginela Oteitzatik Lizarrako festetara. Emakume eder batekin elkartzen ginen urtero, eta hura agurtutakoan izebak beti kontatzen zigun gauza bera. Emakume ijitoa zen, eta Lizarran zegoen etxetresna elektrikoak egiteko lantegi handi batean egiten zuen lan. Hori bai, ijitoa zenez, besteek baino kementsuago egin behar izaten zuen. Salbuespena zen emakume beltzaran hura, guretzat ez baitzen ijitoa, gona beltzaren ordez soineko zuria eramaten zuelako.

Estatu Frantsesetik ijito talde handiak botatzean herrialdeko segurtasuna arriskuan jartzen dutela argudiatuta, zilegi eta «legezko» bilakatu da moralki onartezina dena: pertsonak herrialde batetik botatzea etnia jakin batekoak direlako, norbanakoak direla kontuan izan gabe. Eta beldur naiz orain arte haiekiko sentitzen genuen nazka ez ote den gorroto bilakatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.