Ilaria Maestri

2010eko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Pronostiko guztien kontra, eta nire sentsazioa erabat ezberdina bazen ere, hurrengo goizean eguzkia atera zen. Ni, noski, han nengoen. Lagun baten etxean Ilaria Maestri ezagutu nuen afari hartan legez sentitzen nintzen: beste behin ere, belarjalea barraskiloak piper siku saltsan probatzeko konbentzitu guran nenbilen. Nire xaloan, mundu ezberdin biren arteko zubi egokia iruditzen zitzaidan. Izan ere, barraskilo edo karakolak, landare mugikorrak iruditzen zaizkit, animalia geldoak bezainbeste. Beraien izaera berde likatsua, ondo garbitu ostean, guztiak poztuko gintuen adostasun puntua izan zitekeen.

Ilariak, ordea, arin esan zuen ezetz, berak ezin jan zezakeela piztiarik.

Beti izan ditut belarjaleak lagunen artean. Aukera legitimo eta egokia, neuk denetarik jaten dudan arren.Sarritan entzun izan dut animaliarik ez jateko arrazoi mota ezberdin asko. Animalien sufrimenduarena da ohikoena. Neuk beti erantzuten dut landareek ere, beste era batera adierazi arren, sufritzen dutela, Lazkaon dokumentatua dagoela zuhaitzei, ebaki aurretik, barkamena eskatzeko ohitura zaharra...

Baina Ilaria bere haurtzaroaz hasi zen berbetan. Bologna inguruko nekazari herri batean jaio zen. Udak amamarekin igarotzen zituen, baserrian bakarrik. Bere lagun bakarrak bertako oilo, txerri, txahal eta untxiak ziren. Urtero jasan behar izaten zuen bere lagun bakarren hilketa sistematikoa, detaile guztiekin azaldu zigun animalia bakoitza zelan hil behar den. «Baina saltsa ona dago», amaitu zuen.

Aspalditik sumatzen nuen arren, Ilariak baieztatu zidan zer den bizitzan plazer handiena ematen didan gauza: ulertzea. Letek zihoen bezala, gauza ilun guztiek dute arrazoi gordea. Eta ez dago ulertu ezinik bizitzea baino oinaze handiagorik. Arbasoek «Jainkoen nahia» asmatu zuten sufritzeari uzteko. Baina nik are gehiago sufritzen dut ze jainko ditugun ikusita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.