Orain dela gutxi arte, ostegun gauetako telesailak edo igande arratsaldeetako filmak familia elkartzen zuten,saioak irauten zuen denboran behintzat denak elkarrekin egoteko aukera ematen zuten. Denen artean adostu zuten hori zela ikusi nahi zutena. Erabaki kolektiboak ziren.
Erresuma Batuanduela lau urte jarri zen telebista kartara ikusteko aukera ezagun bat martxan, etaarrakasta izugarria izaten ari da, egunero milaka pertsona telebista ikusteko modu horretara aldatzen ari direlarik. Bakoitzak norbere gustuen arabera aukeratzen du zein eduki ikusi nahi duen une bakoitzean telebistan, ordenagailuan nahiz sakelako telefonoan. Eta berdin da hiru egun aurrerago emana izan bazen. Eskaintzen dituen aukerak askotarikoak dira: edukiak truka daitezke lagunekin momentuan telebista internetera konektatua badago; eduki gustukoenak bozka daitezke; edukia gelditu, afaltzera joan eta itzultzean berriro ikusten jarraitu; kategoria ezberdinak sortu; azkenean,bakoitzak bere neurrira egindako telebista katea diseinatzea bezala da.Ikusteko modua pertsonalizatzen da, ohiturak eta familiaren dinamikaaldatzen dira. Lankide batek esaten zidan sei urteko bere semeak ez duela ulertzen telebista konbentzionalaren kontzeptua, berak aukeratutako edukiak ikustera ohitu delako txikitatik. Banakako erabakiak dira orain.
Norberak nahi duena eta nahi duenean ikusteko askatasuna eskaintzen duen aldetik, horrek askorentzat balio handia dauka. Baina kontua da gu telebista kontrolatzera iritsiko ginela uste genuenean, azken egunetan ikusi ditugun edukien arabera, beste eduki batzuk gomendatzen dizkigutela; eta hurrena, guk ezer aukeratu gabe, telesail berri bateko kapitulua jartzen digute aurrean; edo gauean, telebista itzalita dagoenean, gure profilaren arabera, beste eduki batzuk deskargatzen dira, guk ezer egin gabe. Eta orduan hasten gara berriro kontrol preziatu hori galtzen...
Larrepetit
Kontrolaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu