Hirian, deigarriak egin zitzaizkidan emakume baten erretratuaren kartelak. Jakin-mina piztu zidan zuri-beltzeko aurpegi androginoaren begiradak. Marilyn baten antipodetan, baina haren indarraren pareko.
Marianne Breslauer argazkilariak bere lagun Annemarie Schwarzenbach, idazle, historialari eta bidaia-kazetari lesbianari egindako erretratuetako bat da. 1933an Espainian zehar auto-bidaia bat egin zuten elkarrekin. Kamera beti lagun, Paris, Palestina, Amsterdam eta Italia ere arakatu zituen Breslauerrek bere bidaietan.
Argazkilaritza arte autonomo bihurtzen ari zen garaikoa da haren lana: 20ko eta 30eko hamarkada zoroetakoa. Garai hartan emakumeena zen Berlinen argazkilaritzaren eremua. Nazional-sozialismoak haien, eta beste askoren, ibilbideak eten zituen arte.
Breslauerrentzat argazkiek balio dokumentala zuten, batez ere, eta zentzu horrekin erretratatu zituen emakume berria delako motako ordezkariak: beren burua gizonen orrazkerekin, alkandorekin eta zigarroarekin, era androginoan aurkezten zuten emakume gazte pribilegiatuak. Ohiko rol-ereduak zalantzan jartzen zituzten, beren burua gauzatu ahal izateko. Familia aberatsetan onartzen ziren halako keinu apetatsuak.
Breslauerren lagunak igande eguzkitsu batez, bainujantzian marradun eskuoihaletan etzanda. Askatasuna erakusten du irudiak, emakumeek nabarmenki adimentsuak dirudite Breslauerren argazkietan. Burujabetza optikoaren ospakizuna, esan liteke.
Denboraren mugak gaindituz, beste garai hartako zenbait emakume aurkeztu dizkit. Topaketak badu zerbait oso erreala. Interesgarria iruditu zaizun norbait ezagutu duzunean, harekin gehiagotan egon eta harremanean sakontzeko gogo hori sentiarazten duen topaketa mota.
Lagun artean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu