Ander Perez Argote
LARREPETIT

Lagunak

2023ko ekainaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ciberlocutorio izeneko podcastaren Dejar ir kapitulua entzun arte, ez nuen sekula pentsatu bi lagunen artean harremanaren haustura eman zitekeenik. Harremana bere horretan galtzen joaten ahal zela bai, noski, denoi pasa zaigu hori gero eta gutxiago ikusten goazen lagunekin. Bi lagunen artean haserrea piztu eta harremana etetea ere bai, imajina nezakeen. Ez nuena pentsatu zen, bistara behintzat ezer pasa gabe, maitasuna galdu delako, edo bestearekiko interesa galdu delako, lagun batek beste bati plantea liokeenik harremanabukatu nahi duela. Hori omen da, nonbait, The Banshees of Inisherin filmaren abiapuntua —ez dut ikusi, nahiz eta gogoa piztu, non ikusi topatu ez dudalako—: Irlanda iparraldeko irla batean, iluntzero pub-era elkarrekin joateko urteetako ohitura dute bi lagunek, batak, bat-batean, bestearekin moztu nahi duela erabakitzen duen arte.

Abiagune horretatik, eta bikote sexu-afektiboaren egiturekiko paralelismo finez, lagun arteko harremanen barne logikatan arakatzen du podcastak. Ondorioztatzeraino, nonbait, utzi berri duten lagun horren barne emozio saltsa ez dagoela urrutiegi bikote haustura bat jasan duenak bizi duenetik: hasierako shock-a, bakardadea, ulertzeko ezintasuna, hutsunea, etorkizuna bestea gabe irudikatzeko zailtasun irrazionalak.

Eta bi harreman motak foku beretik begiratzea kostatzen zaigun arren, baliteke, funtsean, gauza antzekoa izatea. Zer esanik ez, bikoteen beti arteko iraupena iraganeko kontua dela dirudien garaiotan, eta lagunarena bihurtzen denean, agian, beti egongo den egitura bakarra. Lehengoan entzun nuen lagun ezagun batzuek orain gutxi ez-dibortzioa ospatu dutela.

Bikote harremana egunero-egunero zaindu behar dela ere entzun dut pasa den astean bertan. Lagunena egintzat ematen dugu. Behar denean beti hor daudelako izango da igual. Edota, agian, zaindu behar ditugunaren karga kontzientetik liberatzean zaintzen ditugulako beste inor baino hobe. Auskalo.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.