Metrotik irten eta oinezkoentzako gunea pikatuta dago, hankaz gora, berriztatzen ari direlako. Erabili daitekeen korridore estutik dabilen jendeari itzuri eginez jo dut aurrera. Herriko plazaren tokian ere, hutsunea, aparkalekua izango denaren kobazulo sakona. Hara eta hona nabil, lanak direla-eta txikituta dagoen herritik. Bidea mozten didaten hesiekin egiten dut tupust, tripak airean dituzten irlak inguratu behar ditut, behin-behineko zubi eta pasabide meharrak gurutzatu. Porlan, Sur, Garbikur irakurtzen dut dena inbaditu duten hesi, etxola eta obra-hondakinen zakuetan. Publizitate-kartelek azaltzen dute nork ordaintzen duen tokian tokiko eraikuntza lana, zenbatekoa den aurrekontua, zein den helburua betetzeko epea. Amesgaizto batean harrapatuta nago kalean.
Ohean, harrizko paisaia zulatu batekin egin dut amets. Berehala ezagutu ditut han lanean ari ziren miniaturazko izakiak: Curri-ak ziren, haurtzaroko telebista saio bateko pertsonaiak. Fraggle Rock-en denbora guztia alferreko egiturak eraikitzen ematen zuten horiek. Curriek eraikitzen zutena jaten zuten Fraggle-ek, eta, beraz, inoiz ez zitzaien lana bukatzen.
Egin berri zegoena berriztatzen ari dira. Herri dinamikoagoa eta kalitatezko hiri-eremuak deitzen dituztenak sortu nahi dituzte, mugimendua hobetzeko gune goxoagoak atondu. Hizkera bera, eraikitzen duten herria bezain artifiziala da.
Aitonari entzun diodanean Borobilako parkera jolastera eramaten ninduela, guztiz ahaztuta nituen irudiak piztu zaizkit buruan. Euriak, denborak, umeen jolasek eragindako arrakalak zituen zoruak. Zuhaixkak zeuden eta haien atzean ezkutatzen ginen, makilak biltzen genituen belarretan, lur azpian sartzen genituen. Zaporerik gabeko gainazal lauek estaliko dute herria, identitatea galduko bere bazterrek. Etengabe berriztatu behar honek memoria bera ere eramaten du berarekin.
Larrepetit
Lanak herrian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu