Larrepetit

Lorategi ilegalak

2011ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Gabi eta Iontxu aurrez aurre neuzkan Sopelako herrikoan. Biak askatu berriak, epaiketaren zain, eta oraingoz, kondenarik gabe, zeruko aingeruak bezain errugabe. Beraz, ertzainen kode genetikoa den espainiar legediaren ikuspegitik, ez genbiltzan inongo «terroristari» gorazarre egiten.

Ospakizuna Herriko Taberna barruan egitera behartu gintuzten, kalean abestu eta dantzatuz gero egurtu egingo gintuztela abisatu ondoren. Men egin genien. Aitzitik, aurresku osteko bertsoa amaitu nuenean, Gargamel heldu zen zipaioz mozorroturik eta taberna barruko ekitaldia egiteko erabiltzen genbiltzan bozgorailu txikiari porrazoka hasi zitzaion. Amatatu nahi izan balu off botoiari ematea baino ez zeukan. Baina halakoetan ikusten da ondoen zein mugatua den uniformatuta amaitzen duen jendilajea. Tentsioa izugarria zen, baina ez zen egon ez mehatxurik, ez gorroto oihurik ez eta antzeko ezer ere gure aldetik. Inpotentzia, nazka eta hurrengo belaunaldiei transmitituko diegun Ertzaintzarekiko mespretxua besterik ez. Oso ausartak dira andre-gizon babesgabeen aurka. Geunden lekutik kilometro bira, ostera, Urdulizen, baserri gehienetan izan dira lapurretak, baina hara ez dira sekula garaiz iristen.

Lau zauritu, hainbat identifikatu eta burua ireki zioten sopeloztar gazte baten odola espaloian.

Barruko tentsioa askatu genuenean, batzuek negarrez, besteak ukabilak estutuz, ni, betiko lez,irribarreak berpizteko tontakeriak esanez, Zukuk ginda ipini zion pastelari. Kontatu zigun eskualdeko surflariek lorategiak egindituztela itsas bazterrean. Baita loratu ere, baina espainiar estatuarena ei da itsasbazterra. Udalei gutuna bidali berri diete Madriletik, hondartza ondoko lorategiak ilegalak direla esanez. Gure egoeraren metafora bikaina. Berandu dabiltza ordea, polinizazioa oso aurreratuta dago. Eta haizea, zorionez, ezingo dute sekula kontrolatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.