Zein aldatuta dagoen bertsolaritza. Zein ezberdina zen Jon Lopategik haurtzaroan irakatsi zidan irudimen olgeta. Hain ezberdina, ezen lehengoan nire ikasle batzuei esaten nien legez, hamar urte atzera egin eta berriro bertsotan irakatsi beharko banio eskualdeko gaztetxoen belaunaldi bati, ez nintzatekeela ausartuko.
Zuek ofizioa apurtzera zoazte beti! entzun nion lehengoan sekula bertsotan aditu ez dudan nobel saridun bati. Beste baten azalduko dizuet nortzuk garen zuek. Izugarria baita herri txikiegi honetan ze ezinikusi eragiten duen hamarkadetako lan isil eta konstantearen fruituak. Batez ere, ortua bera bakarrik dabilela pentsatu izan dutenen artean.
Egun bekatua ei da ofizioa, bertsolari biren arteko dialektika, geroz eta monologo biren antza handiena daukana, apurtzea. Eta zeri esaten zaio apurtzea? Ba, bertsokideak edo entzuleak espero ez duen zerbait esateari. Hau da, bertsoaren urre alea, orijinaltasuna, bilatu eta aurkitzeari. Pilotan, ofizioa apurtzea, sakea errestoa egin behar duenak espero ez duen lekuren batera egitea litzateke. Hau da, pilotari guztien helburua.
Bertsolaritza aharrausi eragilearen profeta horiei guztiei bertsotan plazerik handiena ematen didanaren berri eman gura nieke. Astebururo antolatzen den ordubetetik gorako edozein buruz-buruko saio. Ondokoak deskolokatuta utzi nau bere irteeraren orijinalaz eta soken aurka nago. Entzuleen artetik saioaren une klabea dela iragartzen duen altxa hori! mitikoa entzun dut. Adoretu, bestearen ideiaren gainean eraiki, eta urre aleari beste urre ale batekin erantzun diot. Txalo zaparrada, algarak eta altxa hori! nire kideari. Ahalik eta luzeen elkarri geroz eta gehiago exijituz eraikitzen jarraitu. Bertsoaren gauzarik handiena, zure burua harrituz sortu eta gozatzea.
Hartu zuentzako aurten eskolartekotik Bizkaiko finaleraino lapurtu dizkiguzuen ehunka puntuak. Baina ez eskatu zuek bezain aspergarriak izaterik.
Larrepetit. Fredi Paia
Ofizioa apurtu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu