Marxismoan bilatzen nuena euskararen edukian aurkitu dut. Iaz azaldu nizuen zelan ugazaba eta osaba berbek, Vladimir Propen herri literaturaren gaineko ikerketek, enperadore erromatarrek erabiltzen zuten norberaren arrebaren semea oinordeko bihurtzeko ohiturak eta beste mila datuk frogatzen duten gure familia harremanak adierazteko hitzak sortu ziren garaian jabetza emakumeen bidez transmititzen zela. Egungo ikerketa etnografikoetan kultur edukien transmisioa zelan eta noren bidez egiten den aztertzen dugunean, ondorio berera heltzen gara. Gure ezaugarri biologikoek eragindako lan banaketa eta bizitza esperantzari begira egungoa baino askoz antolaketa logikoagoa da. Gizarteari egonkortasun handiagoa ematen dio. Ez dezagun ahaztu ama izatea biologikoa den bitartean aita eta aitatu>aipatu berbak etimo beretik datozela (lasai, Mitxelenak dixit), aita amak aipatu (aita izan litekeela suposatu) duena baino ez zen.
Beraz, ez da harritzekoa Marija Gimbutas arkeologoak Europan aurkitu zituen hiririk zaharrenek defentsa militarrerako bitartekorik ez izatea. Konkista gerra, ezaugarri biologikoengatik, gizonen gauza da. Eta zertarako bizitza arriskatu irabazitakoaren jabetzarik izango ez duzunean? Erromatarrek ez lukete armadarik izango konkistatutako lur zatien jabetza eskaini ez balute trukean.
Orduan, batek daki zein kalabazaren eraginez, patriarkatua sortu zen. Horretarako, soilik behar ziren aldaketa bi: monogamia ezarri, euskarazko senidetasun izenei arrotza zaiena, eta intzestua debekatu. Lehenengoaren bidez, jabearen, emakumearen, jabe bihurtzen ginen gizonak: «Zu, neskato, nirea zara eta orain eta gero (umeak) izango duzuna ere bai»; eta, bigarrenaren bidez, gure jabetza etengabe pilatzen joateko (kapitalismoa) mekanismo soziala aktibatu genuen. Derrigorra bihurtu zen beste jabetza batzuk zituen giza talde bateko kidearen jabe egitea, intzestuaren bidez jabetza handitzeko modurik ez dago eta. Horrela hasi zen zoramen honetara ekarri gaituen gizarte egitura.
Ondorioz, kapitalismoari ezingo diogu sekula alternatibarik bilatu patriarkatua suntsitzen ez badugu. Eta patriarkatua ezingo dugu suntsitu monogamia amaitzen ez dugun arte. Gora ezkonberriak!
Patriarkatua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu