Hiritarrak badu halako grina bat, lantzean behin hiritik irten eta naturarekin hartu-emana izateko. Udazkeneko basoetan ikusten da argiro: jendea esku batean masustaz betetako plastikozko poltsarekin eta bestean perretxikoz goraino egiten duen saskiarekin doa.
Basoan zehar barreiatuta topatu ditugu familiak eta lagun taldeak. Handik eta hemendik entzuten dira bozkariozko deiadarrak: Hemen! Hemen mordoa dago!
Zail da, behin hasita, bilketarekin bukatzea. Telebistako serie baten mende erori zarenean, zeure buruari enegarrenez beste kapitulu bat ikusiko dut, eta nahiko errepikatzen diozunean bezala.
Historikoki pentsatuta, seguruenez jarduera genetikoa izango da bilketarena, jatorrizko plazera ematen duena. Umeek harriak biltzen dituzte hondartzan eta nagusiek perretxikoak basoan. Lurretik aterata eta buruz behera jarrita ikusten dira zenbaitzuk: jangarriak ez diren perretxikoak seinalatzeko lengoaia ere nazioz gaindikoa omen.
Gu marmelada-potoz zamatuta heldu gara Berlinera. Lagunak, liburutxo baten laguntzaz batu dituzten perretxikoekin. Afaria prestatu baino lehen, zineman lanean dagoen neska ossi-ari (ossi esaten zaio garai batean ekialdekoa zen alemanari) kontsulta egin behar diote, harrapakina jangarria ote den ziurtatzeko. Ossi-ak trebeak omen dira perretxiko kontuetan.
Etxean egindako marmeladarekin gosaltzea eta norberak bildutako perretxiko kazola afaltzea ordaindu ezineko gutizia dira. Besterik gabe, bilketa egiten emandako denboran hartutako atseginak ez duelako preziorik.
Perretxikotan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu