
LARREPETIT
Superheroiak
Ez gara superheroiak, baina egunero jazten dugu superheroi jantzia. Jantziok ez dira ikusten, dagoeneko daramatzagunik ere ez dakigu, enperadorearen soinekoaren antzeko zerbait da. Guk ere, baina, badugu kriptonitarik: ikusezin diren bakteria eta birus asko. Nano arerio horiek harrapatzen zaituztenean konturatzen zara superheroi jantzia galdu duzula, hor nonbait, etxearen eta kalearen arteko espazio neutralen batean. Ni harrapatu naute. Medikuaren atseden gela beti begitandu zait gerra lekua. Kontrolatzen ez duzun espazioa, ezagutzen ez dituzun arauak, eta norberaren erabateko zaurgarritasuna. Medikua argia izan zen: ura, atsedena eta ahaztu mundua. Egun batzuetan ahaztu nuen mundua, baina berriz ere konektatzerakoan, ustekabeak: Ursula K. Le Guin, Claribel Alegria, eta batez ere, Nicanor Parra ez zeuden munduan. Lehenengoak 88 urte zituen, bigarrenak 93 eta hirugarrenak 103. «Idatzi beharreko denak idatziak zituzten, baina tristura ematen du heriotzak», idatzi zidan lagun batek. Heriotzak aitzakia bikaina izaten dira aspaldian irakurtzen ez zenituen horiek berreskuratzeko. Egunotan horretan nabil. Poemak eta, gutxiago (aitortu behar dut), Ursula K. Le Guinen liburua berrikusten. Parrak urte mordoa izan zuen idazteko, eta, ehunka eta ehunka poema ditu. Apurtzaileak, zorrotzak, ulertezinen bat, samurrak... aspertzeko astia izan zuen, eta despedida zenbait idazteko ere bai. Gero arte izenekoa aurkitu dut. «Joateko tenorea heldu da/ eskertuta nago/bai lagun adeitsuengatik/ eta baita arerio amorratuengatik ere...». Amaiera, ordea, bikainagoa da: «...Berriz ikusiko dugu elkar/itsasoan, lurrean, nonnahi./Izan zintzoak, idatz ezazue/ Jarraitu ezazue ogia egiten/segi ezazue amaraunak ehuntzen/zorion oro opa dizuet./Altzifre esaten diegun zuhaitz horietako kukurutxuetan itxaron zaituztet hortz eta haginekin». Gugan beude, hildakoak, ez nano arerioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu