Berrehun urte dira Ameriketako kreoleek, kolonizatzaileen ondorengoek, metropoliarekiko loturak eten zituztela. Bertako biztanleak berdin-berdin zapaldu zituzten, baina metropolietara bidali ordez aberastasun guztiakkreoleentzat izatea erabaki zuten. Salbuespena Haiti da, inoiz ez diete barkatu beltzei kateak apurtzea. Eta ia bi mende behar izan dituzte benetako amerikarrek agintea lortu arte, Bolivian. Esklabotza, arrazismoa, nekazariek lurrik ez eta oligarkek landu gabeko lur sailak, gringoen atzeko patioa... gurekin zerikusirik ez daukan errealitatea da.
«Kalitate humano eta moralik gabeko bi kriminal odoltsu». Irakurri nahi adina aldiz. Bai, Hugo Chavez Friasek horixe dio bi euskalduni buruz. Apurtu.org helbidean artikulu bat, presidenteari kritika egiteko eta Venezuelarekiko elkartasuna berresteko. Beste inork ez du ahotsik altxatu. Xabier Atristain eta Juan Carlos Besunce Aznarren gobernuak torturatu balitu, bestelako erreakzioa izango zukeen Caracaskoak. Baina Zapateroren aurrean uniforme antiinperalista utzi eta estratega abil bihurtzen da. Inperialismo yankia salatu baina Espainia, Errusia zein Irango torturatzaileen lagun da, bost axola txetxeniarrak, kurduak edo euskaldunak. Espainia internazionalistak espetxeratzen eta Caracaskoa euskaldunak iraintzen. Tortura basatienaren konplize bihurtu da Hugo Chavez. Eta abertzaleak, isilik. Horrelakoak gara. Guk ez dakigu geopolitikaz, guk elkartasuna ematen eta muturrekoak jasotzen baino ez dakigu.
Independentisten martxa berdea sor dezagun. Etzi Iruñean, eta larunbatean Ordizian eskoziarrekin. Baina ahaztu behingoan Latinoamerika. Handik ez daukagu ezer ikasteko. Diaspora aktibatu eta kitto, Boisen zein Buenos Airesen. Independenteak garenean bidaliko ditugu guk ere medikuak Caracasera; bitartean, guk geurea. Unea iritsi da. Urrunera begiratuta, independentzia dago. Baina ez hain urrun... Katalunian, Eskozian. Zerbait ikasi nahi duena, doala Kosovora.
Unea iritsi da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu