Zahar egoitzako kontuak

Castillo Suarez.
2010eko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Erretiratua dago aspaldi, baina duela gutxira arte ez da zahar sentitu, adindua bada ere. Emaztea hil eta alargun geratu zen egunean 20 urte gehiago hartu zituen batera. Ugaldu zitzaizkion kanak eta zimurrak, minak atera zitzaizkion han eta hemen eta jabetu zen zenbait gauza egiteko zuen ezintasunaz. Handik gutxira seme-alabek bere etxea saldu eta herriko zahar egoitzara bidali zuten. Igandetan haietako baten etxera joaten da pilota partidak ikustera, bere gelan telebista duen arren, askoz gehiago gozatzen baita partidez etxekoez inguratuta.

Maite dute zahar etxeko langileek ez dielako lanik ematen. Bakarrik jantzi, garbitu eta otorduak egiteko gai da. Nobela beltzak irakurtzea gustatzen zaio, eta eguraldi ona egiten duen egunetan patioan pasatzen du arratsaldea, irakurtzen. Ilobak joaten zaizkio bisitan eta zer irakurri ez zaio falta, beti eramaten diotelako eleberriren bat. Batzuetan errepikatuak, baina ezer ez die esaten. Egoitzako psikologoari ematen dizkio badakielako gustukoak dituela.

Hara eta ona ikusten ditu zahar etxeko langileak, ezin zaharrak behar bezala artatu. Ez dituzte gaizki tratatzen, baina arreta justukoa ematen diete. Langile gehiago balira, fardelak maizago aldatuko lituzkete eta paseoak luzeagoak izango lirateke, baina azkenaldian bajak ere ez dituzte ordezkatzen zahar egoitzan, eta sendaketak egiteko gasak ere murriztu dituzte. Kexuka entzute ditu maiz, eta baiezko keinua egiten die buruarekin, elkartasunez.

Greba egingo dutela entzun die batzuei pasabidean; bertan urte gehien daramatzatenak dira. Beste batzuk, berriz, pankarta bat egitera ere ez dira ausartzen kontratatu dituen aldi baterako laneko enpresak ordezkatuko dituen beldurrez. Izan ere, sukaldaria ere catering enpresa batekin ordezkatu zuten soldata igotzeaedo lan ordu gutxiago sartzea eskatu zuenean. Baina egunak pasatu dira eta grebarik ez da izan, eta bi adindu gehiago ekarri dituzte egoitzara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.