LARREPETIT

Zenbatu gabekoak

Castillo Suarez.
2010eko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Duela hilabete batzuk zaborra agertu zen autoa uzten dudan gorapean. Hasiera batean pentsatu nuen txakur batek hautsi zuela zabor-poltsaren bat eta horregatik agertu zirela trapu haiek eta lixiba botila hura. Gauza gehiago agertu ziren ondotik, eta egunak pasatu ziren ohartu nintzen arte zergatik agertzen ziren gauza haiek: gizaseme batek lo egiten zuen auto barrenean eta aparkalekua bete baino lehen alde egiten zuen. Gaztea zen, Afrika iparraldekoa esango nuke, eta gizona. Bera ez zegoen egun batean autoari begira geratu nintzen, pertsona baten bizitza osoa zeinen toki txikian sar zitekeen aztoratuta. Inor ez litzateke ausartuko nahaspila hura lapurtzera, nabari zelako ez zegoela balio ekonomiko handiko ezer ere. Arropa pila bat eta jateko zer edo zer. Handik gutxira desagertu ziren autoa eta gizona; aparkalekuan gau osoan itzaltzen ez den argia jarri zutenez geroztik, apika.

Adituek aitortzen dute ez dakitela zenbat lagun bizi diren kalean, etxe okupatutakoetan edota etxebizitza prekarioetan. Gehienak gizonak -badirudi emakumeek errazago aurkitzen dutela lagun eta familiakoen babesa-, gazteak eta immigranteak bide dira, eta guraso bakarreko familiak ere dezente dira. Ikaragarri zaila omen da zenbatzea, ez direlako inolako errolda ofizialetan agertzen etorkinak diren aldetik. Garbi dagoena da gero eta gehiago direla, krisi ekonomikoak bota egiten dituelako gizartetik errukirik gabe. Bakarrik daude, babesa emanen dien familiarik zein hurbilekorik gabe, legez kanpoko egoera batean eta lanik gabe -eta inolako aurreikuspenik gabe lana eta, hortaz, etxebizitza eskuratzeko-. Ikusgarri egiten dira sua pizten dutenean gauetan hotza kentzeko, baina egunez estali egiten dira inork deskubritzearen beldurrez. Tarteka suteren bat gertatzen denean jabetzen gara badela beste zerbait gure bizitza antolatu eta ziurren parean. Ezer ez dutenak badirela, gutxi edo asko dugunen ondoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.