LARREPETIT. JULIO SOTO

Zigor

2014ko irailaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Kaixo, Zigor naiz eta hamabi urte ditut. Joan den ostiralean hasi zen kurtsoa eta aurten DBHn hasi naiz. Nire anaia zaharrenak esan dit ongi dagoela, ez dela dioten bezain zaila, baina bueno... Goizeko bederatzietan hasten gara eta bostetan bukatu. Asteazken eta ostiraletan ez dugu arratsaldez klaserik izango baina lehenago sartzen gara.

Udaran hiru liburu irakurri behar izan ditut. Euskarazko, erdarazko eta ingelesezko bana. Ingelesezkoa motz-motza. Ez dakit, irakurtzea gustatzen zait, baina batzuetan aspertu egiten naiz. Matematikako ariketak ere egin behar izan ditut, buruketa pila bat. Ostegunean bukatu nituen. Rollo bat dira.

Aurten futbol taldean eman dut izena. Egia esan, niri ez zait hainbeste gustatzen, baina nire lagun guztiak apuntatu dira. Lehengo astean erosi zizkidaten zapatilak; Messirenak bezalakoak. Astelehenetan eta asteazkenetan ditugu entrenamenduak. Herenegun izan genuen lehenengoa eta gol bat sartu nuen. Pilotan ere eman dut izena, txikitatik gustatzen zait eta atzelaria naiz. Ez daukat indar askorik, baina amak esaten dit asko jaten badut izango dudala. Astearte eta ostegun arratsaldeetan dauzkat entrenamenduak. Asteburuetan partiduak izaten ditut. Aurten futbolekoekin batera izango dira batzuetan eta ez dakit zeinetara joango naizen.

Pilotan jolastu ondoren ingeles akademiara joaten naiz, astearte eta ostegunetan. Etxean esate didate hizkuntzak jakitea beharrezkoa dela. Astelehen eta asteazkenetan, futbola eta gero ez neukan ezer, eta instrumentu bat aukeratzeko esan zidaten.Akordeoia esan nien, baina ez dakit. Gaueko bederatzi eta erdietan iristen naiz etxera. Atzo etxeko lanak hamaiketan bukatu nituen. Ostiraletan bertso eskolan hasiko naiz, ikastolan balio nuela esan zidaten eta aita poz-pozik dago. Bertso eskola eta gero lagunekin gelditzen naiz eta oso ongi pasatzen dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.