Kalera atera dira 50.000 pertsona; ikasleak dira gehienak. Zalaparta handia sortu dute; lehen ministroaren aurkako laidoak oihukatzen dituzte, oinarrizko eskubideak aldarrikatzeko deiadarrekin batera. Londresko Alderdi Kontserbadorearen egoitzaren aurrera iritsi da manifestazioa. Geroz eta oihu ozenagoak entzuten dira, haserre handia nabari zaie.Eraikuntzaren inguruan zeuden, eta sarrera oztopatzen saiatu diren berrehun poliziek ezin dute manifestarien zurrunbiloa menderatu.Gazte batzuek muturrera eraman dute amorru adierazpena, leihoetako kristalak hautsi dituzte; leihoetara igo dira, eta, konturatzerako, egoitzaren barruan daude. Ordubeteren ostean, ondorioa ez da lortu nahi zutena: 35 atxilotu eta 14 zauritu.
Unibertsitateko matrikula tasak hirukoizteko proposamena egin du Erresuma Batuko gobernuak, eta ikasle bakoitzak urtero ordaindu beharrekoa 9.000 libera arte igo daiteke proposamen berriarekin. Defizitari buelta emateko, gobernu kontserbadoreak Hezkuntza aurrekontuan ehuneko berrogeiko murrizketak egiteko proposamenen ondorioetako bat da.
Manifestazioan zebilen ikasle baten ikuspegitik begiratuta, ordea, benetako errealitatea hau da: proposamen berriaren arabera, hiru urteko unibertsitate karrera bat egitea aukeratu duen ikaslea 38.000 liberako zorrarekin irtengo da unibertsitatetik.
Hemezortzi urte betetzen dituztenean norbere kontura bizitzera joatea oso arrunta da Erresuma Batuan. Eta ordutik, zorrez betetako bizitzak eraikitzen hasten dira gazteak: bankuekin, gurasoekin, lagunekin edo nornahirekin. Orain, badirudi, aurretik egindako kudeaketa finantzario eskasari irtenbidea emateko, gobernuak dituen zorrak ere ikasleei pasatu nahi dizkiela. Eta, gainera, hezkuntza bezalako oinarrizko eskubide bat lortzeko trabak jarri. Gobernuak defizita murrizteko egin zituen proposamenen aurka antolatu den manifestaziorik handiena izan da. Eta jarraipena izango duelakoan nago.
Zorrak eta zorrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu