PPk lehenengoz 1999. urtean Foru Aldundi bateko agintea hartu eta Ramon Rabanera Arabako diputatu nagusi bihurtu zenean, Carlos Garaikoetxeak elkarrizketaren batean edo bestean gogora ekarri zuen 80ko hamarkada hasieran alderdi jeltzalea erdibitzeko bidean jarri zuen eztabaida: Lurralde Historikoen Legeari buruzkoa edo, bestela esanda, Eusko Jaurlaritza indartsuago baten kaltetan hiru foru aldundiei eskumenez bete zituen legeari buruzkoa. Alegia, herri bat ez dago behar bezala gobernatzerik, eskumen garrantzitsuak dituzten erakundeak gobernu horren kontroletik kanpo baldin badaude. Ordura arte, foru aldundiak EAJren esku egon ez ziren salbuspenetan, edo alderdi jeltzalearen poliketatik hurbil zeudenen esku egon ziren (EA Gipuzkoan) edo EAJren gobernu aliatuen esku (PSE-EE Araban). Baina Rabanerarekin, Garaikoetxearen ikuspegian, agerian gelditu zen LTHrekin egindako hanka-sartzea.
Zer ez ote du esan EAEko lehendakari ohi nafarrak egunkari honen joan den osteguneko azalean hainbeste rabanera ikusi dituenean. Horra, hiru iruditan, argazki instituzional ezin koloretsuagoa: lehendakari sozialista diputatu nagusi jeltzalearekin goian, Bilduko diputatu nagusiarekin behean eta PPkoarekin behean. Indarrak, gainera, parekatuta: bi abertzale, batetik, bi patriota, bestetik; bi kontserbadore, batetik, bi ezkerreko, bestetik. Eta orain, erabaki zerga polika.
Egitura instituzional berezi samar honek badu, noski, alde ona: lehenengo aldiz, herri honetako lau sentsibilitate nagusiek erakunde nagusi bana kontrolatzen dute, eta horrek negoziatzera eta ados jartzen saiatzera behartzen ditu auzi ondo garrantzitsuetan. Duela hilabete gutxi imajinatuko ez genituen mugimenduak sumatzen hasi gara: lubaki banatan daude oraindik ezker abertzalea eta PSE-EE, baina zerga politikaren arloan gertu samar daudela ez dute ezkutatu. Gehiago: Javier de Andres PSE-EEren botoei esker da diputatu nagusi, De Andresen alderdiaren sostenguari esker da lehendakari Patxi Lopez, baina Arabako diputatu nagusiak esan du hurbilago dagoela, zerga politikaren funtsezko afera honetan, EAJtik PSE-EEtik baino. Zorionekoa, aldaketa: ezker eta eskuin parametroek ere badute zeresana herri honetako politikagintzan.
Txanponaren beste aldea: hartu beharreko erabakiak hartu ezinik utz ditzake instituzioak derrigor ados jarri behar horrek. Halakoxea baita LTH ditxosozko hark utzitako panorama: zerga politikaren erreforma gidatu nahi du Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, hain zuzen ere zerga politikan eskumenik ez duenean Eusko Jaurlaritzak; diputazioek jasotzen dutenaren trontzorik handiena Jaurlaritzak jaso eta banatzen du, baina diru hori biltzeko irizpideak diputazioek eta batzar nagusiek erabakitzen dituzte.
Gehien dutenek gehiago ordain dezaten erabaki beharrekoa erabakitzen ahalegintzen diren bitartean, erakunde politikoetan gutxitan ikusitakoa ikusten ari gara azkenaldi honetan. Enpresaren eta diruaren jabe izan gabe norbere buruari soldata igotzeko gaitasuna duen ogibide bakarretakoa izango da politikariarena, eta, izan ere, politikarien soldatei buruzko albiste gehienek beti doinu bera izan dute, La Polla Records-en abestiaren doinua, alegia: «como primer punto del orden del día, actualizaremos nuestros sueldos...».
Orain, behingoagatik, La Pollaren abestiaren hitzei buelta eman eta bere buruari soldatak jaisten ari dira agintera iritsi berri direnetako batzuk, eta soldatadunen kopurua murrizten. Ez dute erabaki horrekin erakundeen itolarri ekonomiko larria konponduko, baina ez da eredu txarra, herritarrei gerrikoa estutzeko eskatu beharko dieten garaiotarako.
Handik eta hemendik
Lau koloretan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu