Leihotik behar luke gaurkoaren izenburuak. Hala egon bainaiz, goizean goizetik, eguraldiaren bikaina gozatu eta koadernotxo bat eskuetan, zer ikusiko, zer entzungo, zer etorriko eta zer ekarriko. Joan den aspaldian ez bezalako erantzuna izan du greba orokorrerako deialdiak, eta printza batzuk kendu nahi nizkion hain egun bereziari.
Aitor dezadan lehenik greba orokor egunek argazki-albumen antzeko efektua dutela. Autoa ume-kotxe, txirrinda, nebera eta gainerakoz zamatzen ikusi ditut asko etxepean, eta orduan oroitzen zara abenduaren 14ko hartan haurrak txikiak zirela nora joan zineten eguna pasatzera, edo beste hartan nora eta norekin. Haurrak dituenak zerbait egin behar izaten du, eta eguraldi honekin, inguruetako belardiek hartuko zuten zapalduren bat. Txakurrak ere, inoiz baino gehiago irteten dira greba egunetan.
Greba hitzak noiz jan zion lekua huelga hitzari? Kaiak ez dio neurri berean gainik hartu moila edo portuari. Leihotik urrundu eta googlen saio bat egin dut boicot, esquirol, piquete eta horrelako hitzen jatorriaren bila. Ez dizuet emaitzarik azalduko, zuen jakin-minaren esku utziko dut, bila jardutea bera baita aurkitzea baino politagoa.
Egoera gorria da; erreformak dakartzan murrizketek laztu baino ez dute egingo. Herritarrak ohartu gara eta, Juan Jose Millas idazleak aurreikusi zuen gisan, eraso basati bati emandako erantzun oso zibilizatua izan da greba hau. Sare sozialei ere antzeman diet funtzio bat, «hondartzan nago Peiorekin eta azala erre zait»-etik sakonagokoa.
Bi manifestazio pasa dira etxepean, goizean bata eta arratsaldean bestea. Hitzei ere, erabiliaren erabiliz, eta zenbaitek propio oker erabiltzean are gehiago, zentzua murrizten zaie. Jo ta ke, irabazi arte leloa esparru politiko-sozialean sortua da. Futbol-zelaietan entzun daiteke barra-barra egun, norbere taldea animatze aldera. Leloa lelotzeko modua baino ez zait iruditzen. Kalean edo futbol-zelaian. Bestekoari esan-indarra kentzen diolako, bietako batean galarazi egingo nuke nik. Eta badakit non… Pikete informatiboa hitza ere ez dut batere gustuko. Piketea soilik behar luke, ados egon edo ez. Duela ehun urte fabrika edo meatze batekoek zer egiten zuten besteetakoei jakinarazteko ezinbestekoak ziren pikete informatiboak. XXI. mendea aurrera doan honetan, piketeei informaziorako direla eransteak langileriaren ezagutza mailarekiko konfiantzarik eza baino ez du erakusten.
Politikarien ezaugarririk behinena omen da, egoera bat aurreikusteko gaitasuna izan, zer gertatuko den iragarri… eta gertatzen ez denean iragarria zergatik gertatu ez den azaltzeko barrua izatea. Alde horretatik Mariano Raxoi politikari berezitzat hartu beharko dugu. Asmatu egin zuen, mikrofonoak bertan zeuzkala ohartu gabe, kide bati errefoma honek greba orokorra ekarriko ziola iragarri zuenean.
Legebiltzarreko saioa ere esanguratsua iruditu zait. Batzuk ez dira joan eta besteak barruan geratu dira ohiko lanean. PSE-EEkoek egin dute galanta! Denak joan dira, baina hamabietan legebiltzarkide soil direnak kanporako bidea hartu dute erreformaren aurkako protestan parte hartzera. Gobernukideek ez. Gobernuak ez omen du grebarik eta manifestaziorik egiten. Xelebrea iruditu zait. Lehendakaria barruan eta bere aparatoa kanpoan! Jeltzaleak barruan geratu dira. Ez dakit nik… Gerri zaluxeagoa espero nuen. Batik bat Joseba Egibar hizketan entzun ondoren. ETBn esan du, euren betiko ardatzari, lurraldetasunari eta erabakitze eskubideari hots, krisi egoera honetan logika ekonomiko bat eransteko abagunean daudela.
Iparraldean nola eman ote dute eguna? Nola sumatu ote gaituzte hegoaldekoak? Behobian taberna eta estankoak irekita egon al dira?
Bertsolarioi inoiz tokatu izan zaigun auzia da. Greba egun bateko iluntzeko bertso saioarekin zer egin? Antolatzaileek aldez aurretik ekitaldia bertan behera uzteko erabakia hartu ez badute, norberaren gain geratzen da hautua. Greba orokorra denean ez da hainbesteko arazorik. Baina deialdiak erdizkako erantzuna izan duelarik, han geratzen da lagun kuadrillatxo bat, mezulari izan edo grebalari, dudan. Zorionez, gaurkoan, biak batera izan gaitezke.
Plazatik
M29
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu