Imanol Murua Uria.
Handik eta hemendik

Madonna bai, Madonna ez

2012ko martxoaren 11
00:00
Entzun
«Bibi, ez hasi Iranen aurkako gerra Madonnaren maiatzaren 29ko kontzertua baino lehen». Facebookeko talde baten izena da, Madonnaren jarraitzaile israeldar batzuek sortu berria. Bibi, jakina, Benyamin Netanhayu da. Eta Madonnaren jarraitzaile israeldarrak, nonbait, kezkatuta daude Iranen aurkako gerrari ekinez gero kontzerturik gabe geldituko ote diren. Umorea beti izan da terapia ona.

Bibigatik balitz, ahaztu kontzertua. Obamarekin, ordea, esperantzari eusteko moduan dira madonnazaleak, egunaren arabera baikorrago edo ezkorrago izateko arrazoiak dituzten arren. Astelehenean, adibidez, AEBetako presidenteak Israelgo lehen ministroa Etxe Zuria hartu zuenean, bazirudien Netanyahuk dagoeneko bazuela bere lagunaren sostengua egin beharrekoa egiteko. «Aukera guztiak mahai gainean daudela esaten dudanean, horixe bera esan nahi dut». Asteartean, ordea, beste tonu batekin aritu zen Obama, AEBetako lobby judu indartsuenaren aurrean egindako hitzaldia aurkari errepublikanoei eraso egiteko baliatu zuenean: «Gerra ez da jolasa; utz iezaiozue gerraren danborrak jotzeari».

Gerra danborrak aspalditik ari dira jotzen Romney, Gingrich eta Santorum. Komentarista politiko bati baino gehiagori entzuna: beldurra ematen du hautagai errepublikano hauen gerrarako grinak. Laugarren hautagaiak —Ron Paul kontserbadore-libertarioak—, ordea, beste mundu batekoa ematen du gerraz eta bakeaz hitz egiten duenean. Zentzuz aritzen baita. Hemen Renon izan zenean, Grand Sierra kasinoan emandako hitzaldian, adibidez, oso argudio sinpleekin konbentzitu gintuen: Iranek, oraindik, inolaz ere ez du gaitasunik arma nuklearrak egiteko; ez dakigu ziur benetan horretarako asmorik baduen; baina, kasurik txarrenean, buru nuklear bat edo gutxi batzuk ekoizteko gaitasuna lortuko balu, Israeli eraso egingo lioke? Ezta pentsatu ere: badakite suizidio totala litzatekeela; Israelek berak aspalditik ditu Iran txiki-txiki eginda uzteko adina misil nuklear, eta zer esanik ez AEBek. Alegia: utzi bakean Iran.

Eguneroko ogia da IranAEBetako hedabideetan. Informazio ataletan, iritzi sailetan... nahiz publizitatean. Lobby juduek egunkari orri osoak erosi ohi dituzte, gehienetan Obamari presio egiteko, palestinarrekin gogorrago joka dezala eskatzeko orain, Iraneko agintariak estuago har ditzala exijitzeko orain. Baina bada bestelakorik ere. Asteazken honetan, orri osoko iragarkia, elkarte judu batek ordaindua eta hainbat pertsonalitate juduk sinatua, egunkari garrantzitsuenetan. Letra handian: «Ez, Netanyahu jauna. Ez, Obama presidentea. Ez gerrarik Iranen, ez lehen erasorik Irani». Letra txikian, lehen lerroan: «Iragarki hau sinatzen dugunok uste dugu Iran, bonba nuklearren jabe balitz ere, ez litzatekeela ausartuko Israeli edo AEBei eraso egiten, jakinik irandar gehienak hiltzeko gaitasuna lukeen erantzuna jasateko arriskua lukeela...».

Arma nuklearrei buruzko eztabaida horretan ahaztuxea dagoen detailetxoa ere badakar gogora publizitate orriak: «Obama presidentea: lidergo pixka bat erakuts ezazu aurrerapausoak emanez arma nuklearren deuseztatze unibertsala negoziatzeko bidean, Proliferazio Nuklearraren Aurkako Itunak helburu hori ere jasotzen baitu, eta ez ezazu Itunaren beste zatia bakarrik aintzat hartu, besteei arma horiek lortzea eragozten dien zatia bakarrik, alegia!».

Bai, Itunaren seigarren artikulua da: AEBek, Errusiak, Txinak, Frantziak eta Erresuma Batuak —Alemaniarekin batera Iranekin Iranen asmoei buruz negoziazioak hastekotan diren berberak, alegia— euren arsenal nuklearrak deuseztatzeko negoziazioak ekiteko konpromisoa hartu zuten Ituna sinatu zutenean, gehienek 1968an. Mantso doaz, mantso doazenez, negoziazioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.