Renon urte asko daramatzan euskal-amerikarra eta old country-tik iritsi berria den euskalduna elkarrekin bazkaltzen ari dira Archie's jatetxean. Ez dira janariaz ari, platerean dutenak ez baitu berriketa askorako aitzakia ematen, politikaz baizik. Renotarra interesarekin jarraitzen ari da Euskal Herrian azkenaldian gertatzen ari dena, eta galderak bata bestearen atzetik datozkio. Adibidez:
-Eta nor da Rufi Etxeberria hori?
-Batasunan beti itzal handia izan duen gizona. Ez da fokoen argitan ari zalea, beti nahiagoitzalean. Baina orain, Otegi kartzelan dagoelako egokitu zaio mikrofonoaren eta kameren aurrean jartzea.
Aste honetan Espainiako egunkarietan argitaratu diren pelikulen berri ere eman dio: el holandes deitzen diotela, bere garaian gogorretan gogorrena zela, kazetariei bere begiratu hutsak beldurra ematen ziela... The Sunday Times-ek «Basque moderate» deitu zioneko anekdota ere kontatu dio. Duela urtebete izan zen, 2010eko otsailaren 22an, BERRIAk oihartzun handiko elkarrizketa egin zionean: «Basque moderate Rufi Etxeberria calls for end to Eta's 40-year war». Gutxi gorabehera: «Rufi Etxeberria euskal moderatuak ETAren 40 urteko gerra bukatzear dela esan du». Azaldu dio, baita ere, Loiolako negoziazioetan bertatik bertara ezagutu zutenek politikari pragmatikotzat dutela, bakea lehentasun duen negoziatzaile malgutzat. Baina itzalarena azpimarratu dio: Rufi Etxeberriaren iritziak beti izan omen duela pisu handia ezker abertzalean, Inigo Iruinenak bezala.
-Nixon goes to China fenomenoa, beraz, Euskal Herrian ere –renotarraren erantzuna.
Ameriketako Estatu Batuen eta Txinako Errepublika Popularraren artean harresi zeharkaezina zegoen garaietan, urte luzeetako inkomunikazioa hautsi eta Mao Zedong buruzagi komunistarekin bilera egitera joan zen 1972an Richard Nixon presidentea, errepublikanoetan errepublikanoena, gogorretan gogorrena. John F. Kennedy demokratak, adibidez, nekez emango zuen Nixonek emandako pausoa: errepublikano guztiak gainera joango zitzaizkion, eta demokrata asko ere bai. Nixonek egin zezakeen.
Amerika ingelesdunean oso esamolde ezaguna da Nixon goes to China; «Nixon Txinara doa». Opera arrakastatsua ere bada: New Yorkeko Metropolitan Operan aritu ondoren, Toronton ari dira orain Nixon in China jokatzen: hurrengo emanaldia, asteartean. Wikipedian sarrera propioa du esamoldeak: «Metafora politika gisa, politikari batek, bere jarraitzaileen printzipioak ordezkatzearen eta defendatzearen poderioz haien artean lortu duen izen edo itzal eztabaidaezinagatik, erabaki jakin batzuk hartzeko duen gaitasunari esaten zaio [Nixon goes to China], itzal bera ez duen beste politikari batek erabaki horiek berak hartuz gero kritikak eta aurkakotasunak eragingo lituzkeenean».
Ezker abertzalearen lehen lana sinesgarritasuna irabaztea zela esan berri du Arnaldo Otegik. Sinesgarritasuna kanpoan lortzeaz ari da Otegi, eta sinesgarritasuna barruan edukitzeaz, Nixon goes to China esamoldea. Etxeberriak eta Iruinek badute. Eta Otegik ere bai: ez da politikoki oso zuzena izango horrela esatea, baina, gainera, preso egoteak zilegitasun plus bat ematen dio, etsaiaren errepresioa zuzenean jasaten ari direnen artean dagoenez.
Baina Nixon Txinaraino joan zenean, Mao Zedong zain zuen, harrera egiteko eta bileran jarduteko. Txineraz, akaso, Maok Nixoni tea eskaini dio esamoldea erabiliko dute, politikari batek erabaki zailak hartzeko gaitasuna erakusten duenean. Baina Mao Zedong utzi, eta galdezka jarraitu du renotarrak:
-Eta zein da Rubalcaba hori?
Handik eta hemendik
Mao Zedongen bila
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu