Hitz beste

Metroa

Anjel Lertxundi.
2011ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Mutil koskorretan metro bitxi baten berri izan nuen. Laurogeita hamar zentimetro zituen, hamar zentimetro gutxiago eskolan irakasten ziguten platino-iridiozko prototipoak baino. Madrileko burdindegi batean saltzen omen zuten, eta herrian ba omen zen halako metro bat zeukan egur-saltzaile bat. Gizon hark obretako habeak, zutabeak eta oholak egiteko egurraren salerosketa zuen lanbide: metro normal batekin neurtzen zuen, antza, basoan erositako egurra; Madrilen erositako metroarekin saltzen zien bezeroei.

Bateraguneko sententziak egur-saltzailea ekarri dit gogora. Zehatzago esateko, gizon hark baino metro bereizi eta malguagoa darabilen justizia. Egur-saltzailearen metro faltsutuak platino-iridiozko prototipo unibertsala zuen erreferentzia, eta iruzurrean harrapatua izanez gero, ez zeukan ihesbiderik. Epaileen metroak, ordea, ez dauka garaian garaiko komenientzia politikoa beste prototiporik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.