Egunotan gainetik kendu ezin dudan ideia bat darabilt bueltaka: inork hitz egiten ez duen hizkuntza batean idazten dugu. Baina —eta hona paradoxaren ederra— ez hildako hizkuntza batean. Esan nahi dut, inork ez duela hitz egiten duen moduan idazten. Idatziak ahozkoa laburtu egiten du. Ordenatu, garbitu, xehatu, galbahe sarri-sarri batean iragazi. Eseki eta lehortzen jarri. Aireberritu eta gero, makularik gelditu bazaio, berriro ordenatu, garbitu, xehatu… .
Eta, prozesu luze horren bidez, inork hitz egiten ez duen hizkuntza bat idazten dugu eta sortzen. Paperean gordeko dena, paperean baizik izango ez duena bizia. Baina sekula inork hitz egin ez duen, hitz egiten ez duen, hitz egingo ez duen hizkuntza horri arnasa eta iraupena emateko, aski da papera eskuetan hartu eta irakurtzen hastea.
Mirari bat da. Eta honaino heldu bazara, zuk eta nik ostera ere inork hitz egiten ez duen hizkuntza baten miraria abiarazi dugulako da.
Hitz beste. Anjel Lertxundi
Miraria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu