Kantauri parteko mendi-muino eta haranetan gero eta elur gutxiago egiten du. Orain berrogei bat urte botatzen zuen mara-mararen erdia. Tenperaturen igoerak omen du kulpa, hala diote, behintzat, orduko eta gaurko elurteen arteko ikerketa konparatiboa egin duten Kantabria Unibertsitateko meteorologoek.
Albisteak garai joanen nostalgia ekarri baitu, balirudike aio esan behar diegula elurraren atrezzo zuria duten hainbat eta hainbat gabon kantei. Aio, gure txikiekin plastiko-puska baten gainean ibiltzeari, elur-bolak elkarri botatzeari. Aio, hitz batean esanda, iraganari.
Orain bostehun bat urte, François Villon poetak «Mais où sont les neiges d'antan?» (Non dira, ordea, antzinako elurrak?) galdetzen zuenean, gaurko meteorologoen konstatazio bera egin zuen. Baina Villonen hitzetan ez dago galeraren ez kezkarik ez beldurrik. Zientzialariena ez bezalako galminaren poetika bat dago ironia fin baten elurtean.
Nostalgia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu