Ostirala beltza zen tradizio kristauko lurraldeetan. Andueza bertsolariaren arabera, «ostiralean jaioak dira tontoak». Ostiraletan ez zen lan berririk hasi behar; ez zen soroan ezer aldatzen. Asko dira antzeko esan eta usteak, beti ere gogoan Jesus ostiral batez hil zela eta Judas ostiral batez urkatu, «piko batetik soka lepotik lotua», Xenpelarrek kantatu bezala.
Usteen arrosario luzean, bada errefrau bat dioskuna ongizatea ez dela guretzat egina: «Guk oiloa dugunean,ostirala» (haragirik jan ezin zen eguna). Ahaztuta geneukan, eta hasita geunden oiloa noiznahi dastatzen, oiloaren jabe ginela pentsatzen, harik eta kapitalismoak oiloa berea dela gogoratu eta, berriz ere, ostirala ekarri digun arte.
EHUko hainbat langilek «Ostiralak beltzez» ekimena asmatu du: ostiraletan beltzez jantzita joango dira lanera. Eta ekimenak sinbolo betea izan dezan, on lukete unibertsitateko jangeletan ostiralero oiloa eskatzea.
Hitz beste
Ostiral beltzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu