Handik eta hemendik

Patxi Lopezen urratsa

Imanol Murua Uria.
2011ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Kazetaria bazara, politika gaiak jarraitzen badituzu baina Ameriketako Mendebaldean bazaude, hobe duzu Barack Obama presidentearen nahi eta ezinei buruz aritu, edo Mitt Romney eta Rick Perry buruzagi errepublikanoen arteko lehiari buruz idatzi, hamar mila kilometrora gertatzen ari dela sumatzen duzunaz jardun baino. Zuhurragoa litzateke. Baina, batzuetan, aste honetan adibidez, tunel luzearen bukaeran argi pixka bat ikustea aski da zuhurtzia ahaztu eta susmoen araberako ondorioak ateratzen hasteko.

Asteak merezi izan du: Euskal Preso Politikoen Kolektiboak, Gernikako Adierazpena sinatuz, ETAren jardun armatuaren bukaera eskatu du; erabaki horren balorazio ona egin du Jose Luis Rodriguez Zapaterok; jarraian su-etenaren egiaztatze batzordeak dagoeneko lanean ari dela iragarri; eta, bukatzeko, Patxi Lopezek presoak hurbiltzeko proposamena egin. Aste guztiak halakoak balira.

Eusko Jaurlaritzako lehendakaria motz gelditu da, ados, berandu dator, konforme, baina fitxa mugitu egin du. Inoiz neurri ausartagoak proposatu ahal izateko, aurrena sektorerik uzkurrenetan irensteko errazagoak izan daitezkeen pauso apalagoak eman behar izatea ulergarria da. Pausoa, gainera, ez du bakarrik eman: Alfredo Perez Rubalcaba hautagaiak eta Jose Blanco gobernu bozeramaileak, biek bat egin dute lehendakariaren proposamenarekin.

El Mundo-k berehala atera du ondorioa. Azaleko titulu nagusia: «Lopezen eskaintza ETAri, azaroaren 20a baino lehen fitxa mugi dezan». Alegia, interpretazio honen arabera epe motzeko jokaldia da: erakunde armatuaren behin betiko adierazpen baten truke, PPk agintea hartu aurretik presoen hurbiltzea eta Sortu-ren legeztatzea eskaintzen ari da PSOELopezen bidez.

Baina hau luzerako jokoa denez, luparekin begiratu behar zaio PPren erantzunari ere, ustekaberik ezean hilabete gutxi barru aginte makila bere esku izango duen alderdiari.

Jakina, Patxi Lopezen proposamena kritikatu egin dute bai Euskal Herrian Antonio Basagoitik eta bai Espainian Gonzalez Pons erradikalak, baina Jaurlaritzako lehendakaria estuago har zezaketen. Lerro hauek idazteko orduan (ostiral arratsaldea), PPko buruzagiek ez dute presoak hurbiltzearen aurka daudenik esan, sarean argitaratutako laburpenen arabera behintzat.

Baikor jaikitzea zer den:Lopezen hitzaldian esperantzarako beste helduleku bat ere topa daiteke (etsi-etsian helduleku bila ibiliz gero). «Konkordiarako akordio handiaren»baitan, «elkarbizitza berri baterako oinarriak» hitzartzea proposatu du, «etorkizuna eraikitzeko herritarren arteko ituna» egitea.

Ez du esparru juridiko-politiko berri baterako elkarrizketa prozesurik proposatu, baina Lopezek itun berri baterako agertu duen asmo orokor horrekin bateragarria litzateke, behin bake giroa finkatuz gero, joko arau berriak hitzartzeko prozesua irekitzea alderdien artean, Gernikako Adierazpeneko bide orrian aurreikusten den moduan.

Jardun armatua alde batera uzteko eta bitarteko politiko hutsekin jokatzeko erabakia alde bakarrekoa dela azpimarratu du behin eta berriro ezker abertzaleak, eta alde bakarrekoa izan behar zuela gogorarazi diete alde guztietatik ETAri eta ezker abertzaleari.

Orain, ezker abertzaleari etxeko lanak egin dituela aitortu dio bere erara Patxi Lopezek, emandako pausoei sinesgarritasun osoa eman baitieETAren indarkeria dagoeneko iragana dela baieztatu duenean.

Ondorio handiak ateratzeko azkarregi izan daiteke, baina konponbide prozesuak alde bakarrekoa izateari utzi diola pentsatzeko zantzuak ageri dira, teleskopioarekin begiratuta behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.