Eguna joan eta eguna etorri, goizero hartzen duzu autoa, egunero bi aldiz bide bera egiten, lanerakoan bata, etxerakoan bestea. Buruz ezagutzen dituzu bihurguneak, peralte-aldaketak, trafikoko seinaleak. Askotan pentsatu eta esan duzu gauza bera: aise samar asmatuko zenuke bidea begiak itxita ere. Baina atzo autoa matxuratu zitzaizun eta gaur autobusez egin behar izan duzu joan-etorria. Harrituta gelditu zara: guztiz desberdinak egin zaizkizu autobuseko altueratik ikusten zenituen baserri eta auzoak, landak, bide bazterrak. Badira bidean inoiz erreparatu ez zenien paraje eder batzuk ere. Borda hori ikusten ote da autotik?, nola ez nuen soro horretan erreparatu?, noiztik daude urki distiratsu horiek meandro horretan?
Hartan, autobuseko gidariak frenoa sakatu du biraoka. Errepidean jarrita dauzka begiak eta ohartu zara buruz ezagutzen dituela bihurguneak, peralte-aldaketak, trafikoko seinaleak…
Hitz beste
Perspektiba
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu