Irakurri berri dut Bartzelonan prostitutei eta euren bezeroei isunak jarriko dizkietela tratua kalean eta agerian egiten badute. Baxuena 100 eurokoa izango da, eta altuena, 3.000koa. Zigor handiagoa jarriko zaio bezeroari prostitutari baino.
Zelako gai konplikatu den hau! Duela urte batzuk galdetu balidate, abolizioaren alde egingo nuen, duintasunaren izenean. Baina orain ez. Iritzia aldarazi didate irakurritako hainbat idatzik. Lehen, abolizioaren alde nengoenean, sexu-askatasunak desagertuko zuela uste nuen; hau da, sexu aske eta arduratsua izanda, ez litzateke prostituziorik beharko, denok liberatuta geundekeelako eta alferrikakoa bihurtuko lukeelako. Pentsamendu naif samarra dela badakit —izan, sinple samarra bainaiz kontu batzuetan—, baina aitortu behar da sexualitate libreagoa bageneuka kontu hauek guztiak bestelakoak liratekeela. Desagertuko ez dela argi dago, momentuz behintzat.
Nahiago nuke beste edozein behar egin hori baino. Ez dut ez ausardiarik eta ezagutzarik ganoraz jarduteko prostituta. Ezin izango nuke. Dena den, nor naiz ni beste bati esateko zein gorputz atalekin irabazi behar duen ogia? Zein nagusitasun moral dut zein lan den duina erabakitzeko?
Jakina, prostituzio arautuaren alde nago, beti boluntarioa, inoiz ez behartua eta kontzientea, proxeneta bakoa, fakturekin eta gardena. Estatuak, zergak jaso ez ezik, babesa emango lieke langile hauei gaixotasun kasuetan, langabezian, erretiroan. Guztiendako mesedegarria.
Baina, lehen esan dudanez, oso korapilatsua da gaia, gaur egun gauzak dauden moduan egonda. Jakin badakigu prostituzio-auzoak marjinalak izaten direla eta inori ez zaiola gustatzen bere auzoa bazter-auzo bihurtzea. Gainera, gaur egun (behin eta berriro diot: gaur egun) prostituzioa askotan lotuta dago alkoholarekin, drogekin, zikinkeriarekin eta iskanbilarekin; betiere bazterreko kontua eta ezkutua izan delako, isilpekoa eta lotsagarria.
Hala ere, inoiz ez dut ulertu prostitutenganako mespretxua; sarri askotan beraien bezero direnen ahotik datorrena. Bezeroen kasuan, badago hipokrisi ikaragarria, aurrez aurre jartzen dituena kontzientzia txarra eta eskatutako zerbitzua. Nola konpondu? Zerbitzu horretarako kontratatutakoa laidotuz eta erdeinatuz. Horrela ebazten dute dilema morala, mespretxuaz. Horregatik, existitzen den irainik gogorrenetakoa putakumea da. Eta ia beti, edozerengatik, emakumeok jasotzen dugun iraina puta izaten da. Zer dela-eta puta deitu murrizketak iragartzen dituenari, adibidez, edo zergatik zitalkeriari esaten diogu putada?
Lan gogor hori normaldu nahi izatera, ofentsa horiek ere ahotik kendu beharko genituzke. Nork iraintzen du «igeltsero halakoa» edo «mediku hori» esanda?
Gerizpean
Prostituzioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu