Anquetilek lehenengo aldiz Tourra irabazi zuen urtean, Txillardegik Leturiaren egunkari ezkutua argitaratu zuenean, 1957an, sobietarrek Sputnik satelite artifiziala jaurti zuten espaziora Kazakhstango Baikonur kosmodromotik. Lilura sortu zuen munduan, baina baita beldurra ere; AEBetan batik bat, gerra hotzaren beroan ez baitzen txantxetakoa sobietarren atzetik ibiltze hori. Pizgarria izan zen, nonbait, espazioko lasterketaren gerran galdutako bataila hura. Sobietarrek beren tramankulua lurraren orbitan jiraka jarri eta hamar hilabetera, NASA sortzeko agindua sinatu zuen Eisenhower presidenteak. Handik urtebetera, ilargian zeuden.
«Gure belaunaldiaren Sputnik momentua da hau», esan du Obamak urteko bere hitzaldirik jarraituenean, Batasunaren egoerari buruzkoan. Txina zuen buruan, ez Txina bakarrik, baina Txina batez ere. Bat: «Txina eta India ohartu dira mundu berrian lehia daitezkeela». Bi: «Orain gutxi, eguzki energiari buruzko munduko ikerketa azpiegitura pribaturik handiena sortu dute Txinan, eta munduko ordenagailurik azkarrena». Eta hiru: «Txina tren azkarragoak eta aireportu berriagoak egiten ari da». Inguratuta dauzkagu, esango genuke txinarrak bagina.
Gerra hotza, baina, iragana da. Hu Jintaori Obamaren parean jartzen utzi diote joan den asteko bisitan, eta batak besteari eragiten dion kezka eta beldurra agertu beharrean elkarren arteko errespetua azpimarratzen saiatu dira. Obama ez da Nixon, eta Hu Jintaok ez du Krushevek amerikarrei esan ziena esango: «Lurperatu egingo zaituztegu». Dena lagun giroan, dena primeran, baina Sputnik momentua aipatu du Obamak, sobietarrek aurrea hartu zien garai hura gogoan, Txinari beldurra golkoan.
Obama bere entzuleak ilargira begira jarri nahian ari zen bitartean, Euskal Herrian Patxi Lopez euskarari, indarkeriari eta askatasunari buruz ari zen, Guardia Zibilak beste hamar gazte inkomunikatu eta gazteleraz galdekatu dituen astean, Auzitegi Nazionalak haietako sei espetxeratzeko gazteleraz agindu berritan. Eta gizartearen zati handi bat grebarako prestatzen ari zen. Ez da oraingoz Sputnik unerik sumatzen arlo horietan, ez euskararen normalizazioan, ez neurri neoliberalen aurkako borrokan. Eta munduan ez dira askorik jabetu gure grebaz, ez behintzat ingelesezko albistegi estandarrei baino erreparatu ez dietenak: basque strike jarri google-ren berri bilatzailean, eta EITBren ingelesezko albistearen aipamena baino ez da ageri; spain pension idatzi, eta 343 albisteren erreferentzia Espainiako Gobernuaren eta UGT-CCOO sindikatuen arteko tratuari buruz.
Sputnik momentuak, akaso, politikagintzan ageri dira. Mehatxua pizgarri, alegia. Urte batzuk atzera eginda, Miguel Angel Blancoren hilketaren osteko giroa izan zen Sputnik unerik argiena abertzaleentzat. Krushevek herrialde kapitalistei esan ziena esaten ari zitzaizkien nazionalista espainiarrak euskal abertzaleei, eta erreakzioa indartsua izan zen, izan zenez. Lastima, gerokoa. Ezker abertzaleak ere Sputnik beldurgarria ikusi bide zuen Madrilgo kosmodromotik ateratzen azken prozesuaren porrotaren ondoren, baina erreakzioa mehatxuaren neurrikoa izan dela dirudi, arriskua aukera bihurtzerainokoa behintzat. Ilargiari begira jartzeko moduan dira orain, duela gutxi arte ETAren indarkeriagatik elkarlanean aritzeko oztopo gaindiezinak zituztenak. Nafarroan ere bai. Ondo legoke, ilargi kontuetan, nora begiratu behar den, eta nora ez, akordatzea.
Handik eta hemendik
Sputnik eta ilargia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu