Porrotak porrot, eskubide zibilen alorrekoak dira geroak Zapaterori aitortuko dizkion ahaleginak. Tartean, telebista publiko independente baten alde egin izana. Irizpide profesionalekin gidatua, eta ez agintzen ari direnen zerbitzura eta morrontzan. Eskuina, ordea, setatsu ari da lortutako apurra apurtzen (desmuntapena abian da beste alor zibiletan ere: abortua, sexua…).
Urriko euskal bozetan auzi asko dago jokoan. Tartean, telebistaren eredua: hedabide publikoek interes alderdikoietatik harago behar dutela egon ez da albo auzi bat, hedabide publikoak gizarte anitz baten ispilu izango bada behintzat. Bestalde: euskal telebistaren jaiotza hizkuntz politika baten urrats funtsezko bat izan omen zen, baina tokitara egin du, koherentziaren guztiz kontrako norabidean eta diglosiaren adibiderik alimalekoenaren aldapan behera.
Asko eskatzea ez bada, nolako telebista nahi duten ere entzun nahi genieke hautagaiei.
Hitz beste
Telebistaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu