Albiste txarrak Ameriketatik. Jimmy Carterri, Aieteko Konferentzia sinatu zuen AEBetako presidente ohi bakarrari, barre egiten diote hemen. Barack Obamaren kanpainakoek zalantzan jarri dute Mitt Romneyk Osama Bin Laden garbitzeko erabakia hartuko ote zuen, duela urtebete Obamaren ataka berean egon balitz. «Noski», berak ere Bin Laden akabatzeko erabakia hartuko zuela erantzun du Romneyk: nola ez, «Jimmy Carterrek berak ere agindu hori bera emango zuen eta!». Izen onik ez du Carterrek herri armazale honetan.
Jendea ez da duela urtebete bezala kalera atera, barra eta izarren banderak haizatuz, Bin Ladenen hilketa ospatzera. Baina ospakizun eguna izan da maiatzaren bigarrena, maiatzaren lehena ez bezala. Bakearen Nobel Saridun presidenteak Afganistanera egin du bidaia egun seinalatuan, Bin Laden hiltzea nork agindu zuen gogorazteko munduari eta Estatu Batuetako boto-emaileei. Presidente bihurtu eta gutxira Oslon saria jaso zuenean abisatu zuen: «Gaizkiulertzerik egon ez dadin: (...) Indarra erabiltzea batzuetan beharrezkoa dela esatea ez da zinismoa, baizik eta historiaren, gizakiaren inperfekzioaren eta arrazoiaren mugen aitortzea».
Ez da Bush, ez zituen Texasko bakeroak bezala bi gerra handi abiatu, baina errebolberrak ateratzeko zalantzarik ez du egin Obamak, beharrezkoa dela edo komeni zaiola erabaki duenean. Ez du Bin Laden bakarrik hil. Gaddafiri aurrena agintea eta gero bizia kendu zion operazioaren atzean Obamaren erabakia dago. Estatu Batuetako pasaportedun hiritar bat hiltzea agindu duen lehen presidentea da: Anwar al-Awlaki, Mexiko Berrian jaioa, piloturik gabeko hegazkinen eraso baten bidez garbitu zuten Yemenen, ez epaiketa ez ezer, Al Kaedan erantzukizunak zituelakoan.
Robotek ere gerra egiten duten garaia iritsi da. Piloturik gabeko hegazkinek arma eraginkor bihurtu dira Obamaren estrategian. 2009tik 250 eraso baino gehiago egin dituzte urrutitik gidatutako tramankulu horiek Pakistanen bakarrik, eta 1.400 lagun hil dituzte behintzat. Bushen garaian, 43 egunean behin piloturik gabeko hegazkinen eraso bat egin zuten batez beste; Obamaren lehen bi urteetan, lau egunean behin. Zazpi mila robot hegalari dituzte AEBek, erasorako prest.
Txepel famarekin iritsi zen Obama Etxe Zurira, eta, egiten duena egiten duela ere, gogor plantak egiten ari den txepel bat besterik ez da eskuineko oposizioarentzat. Etxean ere ez dio arazorik eragiten gerra politikak: Bake Nobel sariduna ari da hilketak agintzen. Nixon Txinara joan zenean bezala: komunismoaren aurkako gerran parekorik ez zuelako ireki ahal izan zuen Txinako komunistekiko harremanetarako atea.
Handirik ez, baina eztabaidarik eragiten dute, hala ere, eraso horiek tarteka. CIAren agindupean egiten dira, eta inork ez du konturik eman beharrik. Inork ez du azaltzen AEBetako demokraziaren izenean zein hil eta zein ez hil nola erabakitzen duten; edo Al Kaedako kideak hiltzeko saioetan bestelako zenbat hiltzen dituzten. Eta bada, eztabaida urri horietan, behin eta berriro agertzen den kezka, etsaiak ere teknologian aurrera egiten ari direla jakitun: zer gertatuko da robot hegalariak gure kontra ere egiten hasten direnean?
Handik eta hemendik
Txepelaren errebolberrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu