andoni egana
Plazatik

Txiribueltaka

2012ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Bizitza modu ezohikoan kontatzea ederra bada, ederragoa da gauzak modu ezohikoan zenbatzea. Irailaren lehena dugun honetan, zenbaitek uda bukatutzat joko zuen, eta zenbaitek ez. Egutegian hilabete batetik bestera jauzi egiteak edo astelehenean oporrak amaitu eta lehenean hasi beharrak sortuko zion askori bukaera uste hori. Halere, desberdin ikus daitezke gauzak beti. Norbaitek senti dezake aurtengo udaldia sekula baino lehenago amaitu dela, ilargialdika neurtzen duelako berak mundua, eta atzo mairu-ilargia bizi izan genuelako, udaldiko azken ilargi betea, magia berezia omen duena. Besteren batek gure tradizioari egingo dio men eta uda ez du amaitutzat joko santakrutzak iritsi arte, sasoi batean baso-mutilek maiatzeko santakrutzetatik iraileko santakrutzetara izaten baitzuten siesta egiteko eskubidea, eguerdi aldera beroak lana nekezagotzen zuen urte garaian, hain juxtu. Bertsolariontzat, esaterako, uda sanmigelak arte ez da amaitzen, ordura artekoa baita herrietako jaien katea, ilargizale eta siesta maitale bihurtzen gaituena.

Kontatzeko, zenbatzeko eta egiteko modu desberdinak daude. Inoiz eman izan dit atentzioa umeek haurtzaindegietan berokia euren kabuz jazten ikasteko duten moduak… Prenda barrualdea bistan duela, lurrean jartzen dute, eta prendaren burualdea hartzen dute oinetan. Bi eskutxoak sartzen dituzte mauketan, eta berokiari txiribuelta emanarazi eta soinean egoki kokatzen asmatzen dute. Uda eta bizitza bera ere halatsu hartu behar genituzke. Tripaz gora, burua oinetan eta txiribueltak emateko prest.

Badut adiskide bat edozeri buelta ematen iaioa. Lanerako eta lagunarteko otordurako deia badu, beti hobetsiko du lagunarteko otordua. Berak dioenez, eta ez du arrazoirik falta azken batean, lanik egin gabe bizi omen daiteke, eta jan gabe ez. Ahalik eta gutxien lan egitearen apologeta distiratsu, joandako astean bota digu bere teoria xelebre horietako bat. «Zuek beti lanean eta lanaren alde ari zarete baina… Arrisku zera hori zenbatean zegoen uztailaren hasieran? Seiehunen. Eta orain, abuztuaren bukaeran zenbaten dago? Bostehundik behera. Ikusten? Jendeak oporrak hartu eta lan egiteari utzi dionean murriztu da arriskua, eta ekonomia hobetu!».

Txiste soila da eta txiste usaina antzematen zaio. Okerragoak badira. Txisteak, baina txiste direnik ohartu ere egiten ez garenak, hain ohituak gaude berokiari guk eman behar geniokeen txiribuelta beste batzuek eman eta gu konturatu ere ez egitera! Abuztuko iluntze batean jabetu nintzen. ETB2ko informatiboaren ondoren eguraldi iragarpenaren txanda zen. Eta hasterako tartea noren eskutik zetorren adierazi ziguten: «Las piperras de Guernica, el tomate de label vasco y las lechugas de label vasco, patrocinan el tiempo». Jo eta ma geratu nintzen. Piperrak eta tomateak eguraldia babesten? Nik uste nuen milaka urtean alderantziz gertatu izan zela! Eguraldia zela piper, tomate eta letxuga babesten zituena!

Udaldia badoan honetan, jairik jai bizi izan ondoren, susmoa dut geure txiribueltak ematen asmatzea kosta egiten zaigula, erdibidean geratzen garela bide erdian geratu ordez. «Jai parte-hartzaileak» esamoldea dabil askoren ahotan, baina praktikan parte-hartzailetza horrek gehiegitan du zerikusia gastronomiarekin eta gastronomiaren alderdirik lehiakorrenarekin. Patata-tortilla, pintxo hotz eta bero, entsalada eta marmitako lehiaketak egitera ohituegiak gaude, eta parte-hartzailetzaren ikuspegi murritza litzateke mahaiak hankadunak izan ordez kaballetedunak direla ziurtatu eta bertan goxo geratzea.

Horregatik iruditu zait egokia zezenketak direla eta Donostiako Udal Gobernuak izan duen jokaera. Txiribuelta osoa eman du. Bi aukera zituen: herriari hitza eman eta herriaren erabakiaren atzealdean gorde bere zinezko iritzia, edota bere ideiak aurretik jarri eta zirt edo zart egin. Bigarrena hobetsi duela dirudi, eta politika erabakiak hartzearen artetzat definitu zuen hark eskertuko diola ziur nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.