andoni egana
Plazatik

Umorez

2012ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Umorez hartu beharko da… ez da esamolde hutsa. Bizitza jarrera bat azaleratzen du, egunotan premiazkoa duguna. Umorea gauza asko da. Escarpitek berak idatzia da umorea gudu-tresna ere izan daitekeela, eta ez denik txarrena, beldurra uxatzen duen neurrian, indartu egiten baititu erabiltzaileak eta mehatxua gutxiesten duen heinean, tiranoen baza sikologikorik handiena deus bihurtzen.

Umoreak, umore egiazko denean, irauli egiten du ingurukoa. Goian zegoena behean jartzen du eta behean zegoena goian, eta batik bat, bistan jartzen digu serioustekoan zenbat dagoen barregarritik eta barregarriustekoan zenbat seriotik. Nor izan da, ba, Espainiako datu ekonomiko eskasak eta arrisku-kuota eta Errege Kopako finalean Espainiako ereserkia txistukatzea elkarri lotuta daudela esan duena? Umoregile handia da tipoa, nahiz eta berak ez jakin. Edo poeta: beti hor egon diren bi gauza, eta inori lotzea bururatu ez zitzaiona, elkarren ondoan jarri baititu.

Umorea, umore umorea, iraultzailea da eta itzultzen oso zaila. Alferrik ahalegindu naiz Perichen Por el humor se sabe dónde esta el fuego euskarara ekartzen. Baina aski da Zaldieroaren tirak irakurri-ikustea, gure gizartean kirrinka zerk egiten duen sumatzeko. Berripaper honek ez duen editorialtzat hartzen dut nik behintzat. Gainera, gaztelerazko beste lelo bati ere primeran erantzuten dio: Humor se escribe con hacha. Eta gu beti zalantzan eta eztabaidan aizkorak h daukan ala ez. Kirtena behar du, eta hori bai, ahoa zorrotza!

Umoreak, Escarpitek esanak esan, garaipenerako baino gehiago balio du porrota goxatzeko. Joan zen asteburuan entzun nion Realzale bati: «Motel! Bazeukat gogoa astelehena iritsi eta ETB2n bakeroen pelikula ikustekoa!».Umorez beteriko esaldia iruditu zitzaidan. Bestelako edozein kexu eta kritika baino eragingarriagoa. Eta umore umoreak eskatzen duen gisan aizkorakada bakarrarekin bi epai burutzen dakiena, ez baitzen argiegi geratu zerk daukan nazkatuago, ETB2ren azken asteko programazio bereziak edo ohikoaren berezitasunik ezak.

Politikan betidanik erabili izan da umore gutxitxo. Baina erabiltzen asmatu dutenek herritarren esker ona dute luzarorako. EMK-koen txartel haiek… galgoak txakurrak dira esaldiak… urteetan iraun dute gure memorian, beste lelo askok ez bezala. M-15 mugimendukoek ere umorea dute gudu-tresna edo porrot goxagarri. Hainbeste txorizorako oso ogi gutxi dugula zioen esaldiak edo gerrikoa estutu eta prakak jaitsi aldi berean ezin zirela egin zioenak asebete egin gintuzten, eta umorea oso kontu serioa dela frogatu.

Aste honetan bertan, Iruñeko kaleetan ikusi ditugu Hezkuntzako murrizketak salatzeko entzierro umoretsuan San Grebin ospatzen. Grebatako entzierroak lantegian edo ikastetxean espero dira eta hauek karrikan egin dute bestelako entzierro mota bat. Zuri-gorri jantzirik zihoazenez, eta bakeroren filmerik gabeko asteak izan ditugun honetan, «Iribas, Iribas, Iribas es cojonudo, como Iribas no hay ninguno» ironiaz kantatzea baino ez zuten falta. Umorea hori da: espero ez den lekuan beste nonbaiteko erreferentzia bat txertatzea. Horregatik egin zidan grazia aparta kuadrilla batekoak Tolosako Inauterietan erdiguneko kale bateko espaloi biak hartu eta plastiko beltz luzeari eutsiz kokatu izanak. Tokiz kanpo, esperpentoa begi-bistan jartzen zuen. Hondarribiar batzuri emango zien zer pentsatua…

Umorea, gainera, desobedientea da eta ez esanekoa. Bakarka ibiltzea atsegin du eta ez artaldean. Eta horregatik, noizbait kide izan zituenen garaipena heltzen bada, oposiziora egiten du jauzi umil-umil eta badaezpada. Iñigo Urkullu ez da oraindik jabetu nonbait aliatu berri bat izan dezakeela. Zeinen serio mintzatzen den beti gizona! Edo akaso oposizioan egotea zaio berriegi. Joseba Egibar aztiago dabil. Oposiziotik bota zion ezker abertzaleari zabor-bilketa eztabaidagai zela: «Zer gertatzen zaie hauei kontainerrekin? Lehen kontra zeuden eta orain ere bai!». Ezker abertzaleko lagun batzuek ongi hartu zuten aizkorakada. Beste batzuek ez. Azkarregi ahaztu dute bidelagun izana. Sakonerako galdera da ez al den hobe galtzaile izan eta umoretsu eta ez irabazle eta umorerik gabea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.