Hasi da Tourra. Ohi bezala, aldapa izugarririk gabeko bideetan barrena egingo dituzte lehen hamaika egunak, esprinterrentzako eta iheslarientzako etapa aproposetan, baina, behin Pirinioetara iritsiz gero, aldapa tente eta luzeetan ondo moldatzen ez denak, jai: Tourmalet eta Luz Ardiden hasteko, Aubisque hurrengo egunean, Plateau de Bielle gero... eta, arnasa hartzeko astirik gabe ia, berehalakoan Alpeetako erraldoiak: Izoard, Galibier bi aldiz eta Alpe d'Huez, besteak beste.
Aldapak ez daude Tourrean bakarrik. Begira politikari. Begira, bereziki, ezker abertzaleari. 2005-2007ko prozesuaren porrotaren ondoren, aldapa aldaparen atzetik besterik ez zuen aurrean. Eta gorriak ikusi ditu, inoiz ez baita samurra izan Pirinioak eta Alpeak bata bestearen atzetik gainditu behar izatea: batetik jaitsi orduko, bestea igo behar.
Bazebilela jakina zen, baina, etapak telebistaz zuzenean ematen ez zituzten garaietan bezala, igoera eta jaitsieren xehetasun asko ez ziren ezagunak. Baina, aste honetan, Bateragune auziko epaiketaren harira, berriro harritu egin gaituzte ezker abertzaleko tropelaren gidariek euren azalpenen gardentasunagatik. Urte gehiegi lerro artean irakurri behar horrekin, orain hain azalpen argiak harridurarik gabe jasotzeko.
Inoiz baino argiago, ezker abertzale barruko pultsuaren berri eman dute pultsua bota zutenek beraiek. Jakina zen barne borrokena ez zela prentsaren asmakizuna, baina protagonisten ahotik entzunda, errealagoa da dena. Alegia: urte luzeetako borroka armatua behingoz bukatzea proposatu zutenek bietan jarraitzearen alde zeudenei aurre egin behar izan zieten, bereziki ETAri eta Ekini, izan ere, «ETAren asanblearen ondorioak» jardun armatuarekin jarraitzearen aldekoak baitziren; 2009. urtean jokatu zuten batik bat pultsua —ETAren azken atentatuen urtean alegia, urte hartako abuztuan egin baitzuen azkena—, eta 2010eko otsailean Zutik Euskal Herria agiriaren aurkezpenarekin jakinarazi zuten emaitza: oinarrien gehiengoak bat egin zuen estrategia politiko-militarra alde batera uzteko hautuarekin; eta, ia urtebeteko itxaronaldi luzearen ondoren, ezker abertzaleko oinarrien epaiarekin bat zetorren erantzuna eman zuen ETAk, su-etena.
Eta indarkeriaren erabileraren aurkako jarrera agertze horretan lehendik adierazitakoa are hitz argiakoekin adierazi zuen Otegik epaigelan: hausturaz mintzatu da, iraganeko ibilbidearekiko eta estrategiarekiko hausturaz; ETAren estrategia politiko-militarraren aurkako jarrera duela esan du; eta indarkeria kontestualizatu beharrean, errefusatu egin behar dela bere ustez. Bere defentsa juridikoari komeni zaizkion hitzak, ziur, baina azkenaldian agertu duen jarrerarekin bat datozenak, aldi berean.
Badirudi, ezker abertzaleko barruko borrokari dagokionez, etaparik malkartsuenak gainditu dituztela eta, garrantzitsuena, tropela osorik iritsi dela ziztu biziagoan egiteko modukoak diruditen etapetara.
Abiada, azkenaldian, ez baita txantxetakoa: Zutik Euskal Herria, Bruselako Adierazpena, Gernikakoa, ETAren su-etena, Sortu, Bildu... Baina haizea kontra dator oraindik Madrildik, salbuespen bakanen batekin. Bildu legeztatzeko erabakian alde jo zuen, ez seguruenik deskuidoan, baina ez da aldeko beste bultzadarik sumatzen. EAJk behin baino gehiagotan adierazi du, Inigo Urkulluren, Josu Erkorekaren eta Jose Luis Bilbaoren ahotik, Rodriguez Zapaterori legealdia agortzeko babesa ematearen arrazoietako bat dela bakegintzan urratsak egin ahal izatea erraztea, eta ezker abertzaleak horixe eskatu izan diela jeltzaleei gainera.
Garrantzia ematen diote nonbait, bai EAJn eta bai ezker abertzalean, Rodriguez Zapaterok legealdia oraintxe bertan ez bukatzeari, dagoeneko asti handirik ez badago ere, PPk agintea hartzen duenerako atzerabide zaileko pausoren batzuk emateko aukera behintzat izan dezan Zapateroren gobernuak.
Bakegintzaren tourra luzerako doa, eta are luzeagorako gatazkaren konponbidearena. Lekutan dago, oso lekutan, Champs-Elyseeseko arkua. Baina litekeena da etapa garrantzitsuren bat jokoan egotea PSOEren agintaldia bukatzeko falta den tarte labur samar honetan. Onena, badaezpada ere, etapa osorik jokatzea, kilometrorik kendu gabe.
Handik eta hemendik
Ziztu biziagoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu