Zoritxarrez, nik esanen nuke egun bakarreko ekimen horiek oraindik beharrezkoak direla. Nik, gutxitu fisikoa eta euskalduna naizen aldetik, ateratzen ditut ondorio hauek. Ez dut batere gogoko, konparaziora, euskararen eta elbarrien eskubideen alde erreibindikatzen aritu behar izatea, kalean, adin honetan, beste hamaika gauza baitaude egiteko, baina askotan kontzientziak bultzatzen gaitu hori egitera, arazo horiek gehiago azpimarratu eta konponbideak exijitzea beharrezkoa eta guztiz ezinbesteko ekintza delakoan, horregatik egiten ditugu kale agerraldiak.
Nire ustez, administrazioek eta erakunde ofizialek ederki asko baliatzen dute martxoaren 8. eguna, beren gabeziak eta eraginkortasun ezak estali eta ongi zuritzeko, bestela, konbentzituta nago urte osoan askoz ere diru gehiago erabiliko luketela, emakumezkoek pairatzen dituzten arazo latz eta gorriak arindu eta konpontzen saiatzeko, esate baterako, genero indarkerian kasu ugari eta larriak, soldata ezberdintasun handiak, enplegu desorekatua, kanpoko eta etxe barruko lanak ongi uztartzeko zailtasunak, sexu jazarpenak, matxismoa, hizkera, publizitate eta txiste sexistak, behartutako eta giza eskubide gabeko prostituzioa eta abar, eta abar.
Horretatik guztitik ondorioztatzen dena da, tamalez, gizon eta emakumeen arteko benetako aukera berdintasuna oraindik urruti samar dagoela.
Eta ez dezagun ahatz, batez ere gizonezkook, gai luze eta konplexu hau denona dela eta ez bakarrik emakumeena.
Zuzendariari
Emakumeen Nazioarteko Eguna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu