Udal Araudi Organikoa Udal bakoitzaren konstituzio txiki moduko bat da, bere funtzionamendua eta barruko antolaketa araupetzen baititu.
PP-PSE-EEk ezohiko osoko bilkuran udal araudiaren proposamen berria onesteko erabaki berria hartu zuen. Araudi honek honelako dokumentu batek behar dituen tramiteak ez ditu bete, eta horrek esan nahi du proposamena osoko bilkuran onesteko egintzan bertan jaio eta hil zirela bere ondorio juridikoak. Hauek dira hala egiaztatzen duten arrazoiak:
1. Zuzenean bozkatzeko aurkeztu zuten, ezohiko osoko bilkuraren bidez. Proposamenaren legezkotasuna bermatuko lukeen aldez aurretiko administrazio espedientea, derrigorrezko txosten teknikoekin, tramitatzea nahitaezkoa dela ahaztu zuten. Hori guztia indarreko legeriak agintzen du.
2. PP-PSE-EEk eragotzi zuen gainerako talde politikoek proposamena aztertu ahal izatea eta are gutxiago aldaketak egitea. Ez horretarako zegoen denbora urriagatik bakarrik, baizik eta, batez ere, proposamena egin zutenen borondateagatik beragatik, testua negoziaezintzat jo baitzuten. Bozeramailea izan zen Arrue andreak espresuki adierazi zuen hori, alkate honek bere garaian plazaratu zuzen negoziazio-proposamenari emandako erantzunean.
3. Osoko bilkuran zuzenean aurkezteak, aurretiko administrazio espedienterik gabe, mozio hutsa balitz bezala hartzea dakar. Ondorioz, deklarazio izaera hutsa du, eta ez da betearazi beharrekoa. Udalaren idazkari orokorrak eta UPV-EHUko Administrazio Zuzenbideko bi katedradunek prestatutako bi txosten juridikoek espresuki horrela adierazten dute.
4. Txosten hauek, gainera, adierazten dute proposamena ez datorrela bat antolamendu juridikoarekin, funtsean, alkatearen eta Osoko Bilkuraren arteko eskurantza eta eskumen banaketa ez baitu errespetatzen. Hau da, alkateari eskumenak kendu nahi dizkio, Osoko Bilkurari emateko, bertan PP-PSE-EEk gehiengoa baitu.
5. Gainera eta aurrekoen iritziz, araudia osatzen duten 234 artikuluetatik 54,hots, %23,08, ez datoz bat indarrean dagoen legalitatearekin eta, gainera, hauetan irregulartasun handiak daude. Bederatzi xedapen gehigarrietatik lauk aipatutako akats horiek dituzte eta bat existitu ere ez da egiten (zazpigarrena).
6. Aipamen berezia egin behar zaio bosgarren xedapen gehigarriari, bere izaera antidemokratikoagatik. Oraingo talde politikoek informazio batzordeetan eduki beharreko ordezkari kopuruaren banaketa behin betikoa eta iraunkorra ezartzen du, hauteskundeen emaitzak alde batera utzita. Hau da, oraingo talde politikoen ordezkaritza betiko izoztea planteatzen dute, beren oraingo gehiengoa ere izozteko asmoz. Sinesgaitza, baina egia.
7. Aipatu beharra dago proposamen honetan zinegotzien lansariei eta liberatu kopuruari dagokienez planteatzen den gehikuntza handia. Horrek uztaileko osoko bilkuran udal talde politiko guztien artean adostutakoa hautsi du.
Ondorioz, egiazko mordoilo juridiko eta politiko honen errealitatearen aurrean, kontuan izanik osoko bilkuraren erabakia ez dela loteslea, azkenean hartu genuen jarrera hartzea baino ez zegoen, hau da, berriro ere, akordiorako deia egitea eta, bitartean, araudi honen tramitazioaren aurka agertzea. PP-PSE-EEren erantzuna? Getxoko alkatea auzitara eramatea. Izan ere, batzuek oraindik ez dute onartu indarrean dagoen legalitateak ez duela baimentzen oposiziotik gobernatzea, eta oposizioan daude, hain zuzen ere. Guk, bitartean, geurea egingo dugu, udalerriaren alde lan egingo dugu, umiltasunez, gure herritarrek hauteskundeetan horretarako hautatu gaituzte eta.
Zoritxarrez, ankerkeria, indarkeria, zakarkeria eta gordinkeria modan jarri ditugu.
Azken bolada honetan badirudi hedabideetako protagonista bihurtu nahi ditugula miserable guztiak.
Lehen El caso-n agertzen ziren astoak egun albistegietako main actor bihurtu ditugu: bere ama erre duen semea, bere neska jipoitu duen basatia, mutil batzuek grabatutako jipoi ankerra, eskuin muturreko taldeen harropuzkeria, bere zein familiarteko miseriak kontatzen dituena…
Nire ustez, goraipatze mediatiko honek ez du batere laguntzen. Hor daude epaitegiak delitu horiek argitzeko eta behar diren neurriak aurrera eramateko.
Zertan laguntzen du eztanda mediatiko horrek? Beldurra sortzen? Giroa kakazten? Batzuen poltsiko aseezinak betetzen?
Paulo Coelhoren azken hausnarketek, Eduardo Galeanoren azken hitzek, Ignacio Ramoneten artikuluek, Isabel Allenderi egindako galdera-erantzunek…
Ez al dute azken hauek aurrekoen lekua merezi?
Ni poztarien protagonismoaren alde nago.
Nerea Alias horietako bat litzateke. Berarekin, dudan adinarekin, betizu bazkide izateko gogoa eta abesteko grina piztu baitzitzaizkidan.
Xabier Euzkitze beste bat izango litzateke. Pilota partidak erakargarri bihurtzen ditu, nahiz eta Satrustegi XIV.a aritu. Kasu honetan ere frontoira joan eta pilota, Tolosak dioen legez, txokon uzteko gogoa sortzen baitzait.
Gogoan ditut oraindik Dominique Lapierren irribarre sanoa, Calcuttako karrikak argituko zituena, Tiziano Terzani italiarraren gogoeta interesgarriak, Gasteizko mutikoen aurpegiak bizikleta aldean zeramatela…
Poztari asko daude gure komunikabideetako Daniel Day Lewis eta Marion Cotillart bihur daitezkeenak.
Getxoko Alkatea. Bilbo
Getxoko alkatea auzitan 'Poztariak'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu