Leioakoei bezala, geuri ere 1991n egin zitzaigun lanpostuen azken balorazioa. Ordutik hona ikusi dugu, udal askotan, bertako irakasleen lanak balorazio hobea izan duela; ikusi dugu, geure Udalean bertan, gurearen antzeko lanpostuak sortu direnean, gorago (3. maila) baloratu direla; eta ikusi dugu, halaber, geure maila profesionala duten lanpostu gehienak askoz gorago baloratzen direla, oro har.
Leioakoek aipatu bezala, euskaltegietako irakasleon lanak urteekin batera, dela materialgintza, dela metodologia, direla teknologia berriak, halabeharrezko aldaketa izan du.
Gauzak horrela, azken hemeretzi urteotan behin baino gehiagotan gure lanpostuen balorazioa eskatu badugu ere, uko egin zaio gure etengabeko aldarrikapenari. Esan gabe doa bidegabekeria honek gure lanaren balioa gutxietsi egiten duela.
Hau guztia aipatuta, honako hau eskatzen diogu Getxoko Udalari: hemendik uda bitartean, udal langileei lanpostuen balorazioa egingo zaiela eta, gure lanpostuen balorazioa ere behingoz egin dezala.
Getxoko Udal Euskaltegiko irakasleak. Getxo.
Jesus Mari Zaballos, 'allegro ma non troppo'
Aire egokitua udako egun berotsuenetan bezala iritsi zaigu alkate berria Lasarte-Oriara: aire garbia da guztiz kutsatutako giroan, dudarik ez, baina espero dezagun momentuko freskotasunak ez dezala ekarri gerorako griperik. Izan ere, Jesus Mari Zaballos aurreko alkatearen kudeaketatik garbi dagoela badirudi ere, erakutsi beharko du herriarekin hartu duen konpromisoa noraino iristen den orain hasi berri den ikerketa batzordean, adibidez.Eta ez da, ez, ongi hasi Jesus Mari. Alkate ohiaren ondoan luzaroan egon izanak kalte egin diola dirudi; izan ere, alkatetzarako aurkeztuko zela ezagutu genuenetik perla ugari bota baititu. Batetik, bere burua alkate aldarrikatu zuen DV-n aldez aurretik, bere hautaketa Urtxuegiak berak erabakiko balu bezala. Ez jauna, alkatea Udalbatzak erabakitzen du eta ez Urtxuegiak PSEko egoitzan egindako bilera batean. Bestetik, behin alkate izendatuta, ugazaba morroiari arituko balitzaio bezala, berarekin paktuak egiteko «oposizioak bere konfiantza irabazi» beharko zuela esan zuen Txintxarri-n. Alajaina! Alkate berria, jarrera zaharrak. Ez, Zaballos, ez, gauzak ez dira horrela; ez dakit zer irakatsi dizun Urtxuegia alkate ohiak, baina zu zaude gobernuan, eta proiektuak aurrera atera ahal izateko zuk irabazi beharko duzu Udalbatzaren konfiantza, eta ez alderantziz.
Ikus dezagun, beraz, nolakoak diren alkate berriaren proposamenak, jarrerak eta jarduerak eta ez dezagun aldez aurretik epai. Alkate ohiak, euskaldunok gutxietsiz, erdara hutsez agur esan zigun gutun baten bidez; guk, garai berriaren isla, euskara hutsez ongietorria eman nahi dizugu zuri, Jesus Mari, Lasarte-Oria egiteko modu berri bati hasiera emango diozun itxaropenez. Zorte on izan.
Estitxu Alkorta. Lasarte-Oriako EAJko bozeramailea.
Polietika
Asmatzen zaila da zer gertatuko den NaBai koalizioarekin. Izan ere, direla proiektua zalantzan jartzen duten buruzagi gorenen adierazpen ezkorrak, direla buruzagion hitz anbiguoak bezain kriptikoak, direla koaliziotik kanpo ezkutuan suertatzen ari bide diren bestelako negoziazioak, zio horiengatik guztiengatik, eta batek daki zer arrazoi gehiago tarteko, errateko tenorean gaude koalizioa gertu dagoela desagertzetik. Horrela, nafar gizartearen puska on bat bereganatu zuen koalizio honen aktibo politikoa zakarrontzira bota nahi dute bakan batzuek, antza.Lasterrean, martxoaren 15eko katarsia pasatakoan, ikusiko dugu emaitza: koalizioa indarturik aterako ote den, hura deseginen ote duten edo ez aitzina ez gibelera geratuko ote den bere horretan. Momentuz, dena den, ez dago jakiterik zer norabide hartuko duen koalizioko lau partiduek eta independente multzo batek 2003an abian jarri zuten eta milaka nafarren poz-ilusioa sorrarazi zuen mugimendu politiko honek.
Dirudienez, munta handiko arrazoi orokor/taktiko/estrategiko/ideologiko goi mailakoak daude jokoan, buruzagi gorenek bakarrik omen dakizkitenak.
Eztabaidaren termino nagusiak, ziur, ez dira Nafarroan zehaztu. Beraz, eta usadio zaharrari eutsiz, Nafarroako euskal gizarteari dagozkion arazoei buruzko erabakiak Nafarroan berean soilik hartzeko partez, beste behin, beste nonbaiten deliberatu dituzte. Eta ez Madrilen, preseski.
Joera suntsitzaile hau dela eta, aldi txarra pasatzen ari dira boto-emaileak, zipitzik ere ulertzen ez dutelako zergatik desegin behar den, akatsak akats, nafar gizartearen hainbat alor sozio-politikotan horren lan txukuna egin duen eta obratzen segitzen duen koalizio hau. Gaizki pasa?, bai horixe. Bai boto-emaileak, bai kargudun gehienak: alkateak, zinegotziak... eta baita inongo afiliaziorik gabe koalizioaren alde jardunean diharduten independenteak ere.
Nolabaiteko ezintasun historiko bati aurre eginez, hots, Nafarroako euskal botoaren atomizazioak sorrarazitako eraginkortasun politiko ezari planto egin nahirik, lau alderdi gai izan ziren batera jotzeko norabide berean, eta mugimendu zibil, bakebidezko, euskaltzale, zentro-ezkerreko, aurrerakoi, plural eta zabala -Nafarroa Bai- bideratu zuten, ezin hobeto asmaturik. Hori guztia kolokan dago orain.
«Ez arduratu! Horiek ez dira-eta ezeren kezkabide -erranen diote elkarri UPNkoek eta PSNkoek-; abertzaleak, funtsean, ezgauzak dira politikarako».
Ilusioa lore delikatu bat da, eta ongi zaintzen ez bada, aise zimelduko da. Hala da, nafar anitzen itxaropena bazter egin nahi dute orain, hain xuxen, hura orain dela zazpi urte biztuarazi zuten berberek, hurrengo bateratze saio batean jendeak lehenagoko kemenez edo are handiagoko batez erantzunen dielakoan.
Oker dabiltza, baina.
Josetxo Azkona. Iruñea.