Zuzendariari

Hernaniko hezkuntzaren etorkizuna

Olatz Urrutibeaskoa.
2011ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Duela urtebete Hezkuntza Sailak Hernaniko DBHko hiru ikastetxeak bateratzeko erabakia hartu zuen. Horretarako, hiru ikastetxeetako gurasoekin bilerak egin ziren. Proiektu horren ardatz nagusia azpiegiturak hobetzea zen. Eraikuntza berri baten beharra ikusten zenez, eraikuntza berria egingo zela esan ziguten. Ikuspuntu desberdinen gainetik, batzuen adostasunarekin eta beste batzuen zalantzekin, baina guztion kezkarekin eta Hezkuntza Ordezkaritzaren hitz ederrekin proiektu berria, dekretu bidez, martxan jarri zen. Gaur egun, Hernanik DBH publiko bakarra du, eta hainbat gorabehera tartean izan arren, lehendik dakartzagun desberdintasunak oztopo ez baizik aberasgarri izan daitezen lanean ari gara, gurasoak, irakasleak, langile ez irakasleak eta egoera berri hau gehien pairatu edo balia dezaketenak, hots, gure seme-alabak, denontzat asebetegarri izan daitekeen zentro bat eraiki nahian. Baina urtebete pasa ondoren, Eusko Jaurlaritzako arduradunen hasierako hitz eder haiek haizeak eraman ditu.Eraikuntza berriaren arrastorik ez dago. Oraindik adostasunik ez dago, planorik ez dago, eta aurreikusitako dirua nahikoa izango ez den zalantza dugu. 2012-2013ko ikasturterako, herri honetako gazteek DBH Hernanin egiteko lekurik ez dute, ez baitute ikastetxerik legeak nahitaezko jotzen dituen baldintzak betetzen dituenik. Beti bezala, politikariak tartean direnean, batak besteari pilota pasa, eta gure seme-alaben etorkizuna mahai bateko tiradera batean ezkutatuta!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.