Zuzendariari

Jesusen bidea, familian

Mikel Iraundegi.
2011ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
«Ezagutu nahi nauzu? Ba orduan etorri nirekin bizitzera». Horrelakoak gara gizakiak, izaki sozialak. Elkarbizitzan ezagutarazten dugu geure benetako izaera eta nortasuna. Atsegin edo ez, ezin dugu ukatu gure pertsona ezagutzeko modurik egokiena elkarbizitza dela. Esaera zaharrak ederki dioen bezala: Kalean uso, etxean otso. Harreman bezala senidetasuna ahalbidetu dezakegu edo, baita ere, deuseztatu. Nazareteko Jesus, hain zuzen ere kristauontzat bizirik dagoena, horretaz guztiaz konturatzen da, eta esaldi xumea baina aldi berean iraultzailea erakusten digu: «Zorionekoak senidetasunarekiko gose eta egarri direnak, haiek baititu Jainkoak aseko». Jesusek, hitz hauekin, gizakiaren benetako funtsa eta bere garapenaren muina azaltzen dizkigu. Jesusek esaten digu elkartea eta senidetasuna ahalbideratzen dugunean egiten garela benetan gizaki, alegia, pertsona aske eta zoriontsu. Eta ebanjelioa egia baldin bada?

Familia da, baina, aldi berean, egiteke dago, inoiz ez dago guztiz bukatuta. Gure etxeetan senidetasuna etengabeko itxaropena eta erronka da; gure barnea, gure familiarena eta gizartearena zoriontsu ikusi nahi baditugu, ezinbestekoa da senidetasunaren zerbitzura jartzea. Ez gara izaki isolatuak, bakartiak, ez gara garatzen gure kabuz joanda. Harremana gara, eta lankidetza, enpatia, baiezkotasuna, entzumena, elkarrizketa, barkamena, elkartasuna, abegitasuna, konpainia... indartzen ditugunean bihurtzen gara benetako pertsona. Maitasunak egiten gaitu gizaki. Ebanjelioa egia bada?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak