ZUZENDARIARI

'Magui te quiere ayudar'?

Maite Fernandez Melero.
2023ko martxoaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Eskola publikoko ikasleen aita edo ama bazara, ezetz esango nuke, Maguik ez dizula lagundu nahi. Iazko irailean, Magui catering enpresak, Kanpezuko (Araba) Mendialdea Ikastetxe Publiko Integraleko jantokiko zaintzaileak kontratatzen dituenak eta jantokia elikagaiz hornitzeko kontratua duenak, ikastetxeari jakinarazten dio (inoiz ez idatziz) kontrataziorako barne-irizpideak direla-eta, kontratu berrietan ez dituztela onartuko ikastetxe bereko ikasleen gurasoak. Gertakari horrek inoiz ezustekoak eragin dituela alegatuz. Aitzitik, gurasoak gertuko zentroetan lan egiteko kontratatu ahal izango dituzte. Kanpezu, Arabako Mendialdea: gertuen dagoen zentrora, 24 kilometroko joan-etorria.

Gure ikastetxean, historian zehar, zaintzaile gehienak ikasleen gurasoak izan dira, eta inoiz ez da aparteko arazorik izan. Izan ere, hurbiltasun-harremanak bultzatzen ditugu, bai lanekoak, bai sozialak, eta abar: Hemen bizi , hemen lan egin da gure leloa. Arraroak izango gara, baina filosofia jasangarriena iruditzen zaigu, bai ingurumenarekiko zein pertsonekiko. Egoera horren aurrean, ikastetxeko jantoki-batzordeak (sukaldaria, zaintzaileen ordezkaria, gurasoen elkartea, jantokiko arduraduna eta zuzendaritza) aho batez erabaki zuen kexa-idazki bat bidaltzea, irizpide hori ez aplikatzeko eskatuz, eta, hala ez bazen, idatziz erantzutea, erabakia berretsiz. Idazki horretan argudiatu genuenez, guraso izateagatik baztertzea irizpide diskriminatzailea, subjektiboa, juridikoki eztabaidagarria eta hemen defendatzen dugun jantoki-ereduaren aurkakoa zen.

Hilabeteetan erantzunik jaso ez eta zain geundela gogorarazi ondoren, ahoz jakinarazten digute enpresaren barne-arauak betetzen ari direla. Oso larria iruditzen zaigu Maguik ikastetxe batean ofizialki eratutako batzorde batek idatziz egindako erreklamazio bat aintzat ez hartzea, eta, bestalde, idatziz erantzuteari uko egiteak pentsarazten digu Magui enpresak badakiela aplikatzen duen kontratazio-irizpideak ez duela inolako lege-oinarririk.

Puntu honetara iritsita (espero dezagun epaiketara iritsi behar ez izatea), Magui catering enpresa publikoki salatzea da geratzen zaigun aukera bakarra, kontratazio-irizpide diskriminatzaileak aplikatzeagatik eta zeharka inolako premiarik gabe, egunean bi orduko kontratuak dituzten langileak gehiago prekarizatzeagatik, ibilgailuak erabiltzera behartzen baitituzte beste zentroetara mugitzeko, horrek dakarren karga ekonomiko eta ekologikoarekin.

Era berean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eskatzen diogu, enpresa horiek kontratatzeko arduraduna den aldetik, kontratazio-pleguetan horrelako jarduerak saihesteko kontrol-mekanismoak sartzeko. Gure seme-alaben elikadurak negozio bat izateari utzi behar dio. Ez da zilegi zerbitzuak pribatizatu eta eskuak garbitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.