Jarki Antolakunde Iraultzaileko militantea

Urteurrenetik harago

Intzara Mendinueta Lazkoz
2025eko abenduaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Franco hil zenetik 50 urte pasatu badira ere, aurrera jarraitzen du bere ondareak. Hego Euskal Herrian halabeharrez eta indarrez azpiratuta biziarazten gaituen estatuaren formari eta bere instituzioei erreparatu besterik ez dago, hauek berak markatutako bide orriaren jarraipena direla konturatzeko. Ez zen gauzatu apurketa demokratikoa. Lapurtu egin zioten garaipena herri langileari. Ustezko trantsizioaren estalkipean, inpunitatea eta kontinuismoa izan ziren garaile, sobera ezagunak ditugun askoren kolaborazio eta isiltasun konplizea medio. Horrela, frankismoak, desagertu beharrean, espainiar erresumaren erroan bizirauteko aukera paregabea izan zuen, estatuaren DNAren parte banaezina izateraino. Erregimen aldaketa gisa saldu zutenak erdigune inperialistako ustezko demokrazientzat onargarria izan zitekeen itxura hartu zuen, hauek azkar asko eman ziotelarik labela.

Aitzitik, ez dezagun 50 urtez elikatu duten gezurra irentsi. Boterea odolez hartu zuen diktadorea estatuburuak berak izendatutako eta inork hautatu gabeko erregeak ordezkatu zuen, besapean demokrazia ekarri zuelako leloa mila aldiz errepikatuta. Eta horrela, gauzak aldatu egin ziren, denak berdin jarrai zezan. Euskal Herria ukatuta. Bere nazio izaeraren aldarrikapena baztertu eta kriminalizatu beharreko separatisten posizio politiko gisa aurkeztuta. Euskararen egoera, itsasaldia bezala, Madril zein bere instituzioen eskutik izaten diren oldarraldien menpe. Izan ere, muga da konstituzioa, Euskal Herri Langilea sumituta eta azpiratuta mantentzen duena. Langileon miseria eta esplotazioa betikotzen eta handi-mandien mozkinak bermatzen dituena.

Baina, noski, badago zapaltzen gaituztenek inposatutako instituzioen eskutik alternatibak eta askatasuna lortuko ditugula saldu eta sinisten duenik. Beraz, lasai egotea dugu. Erreformak geldoak badira ere, bere bidea hartzen ari direla esaten digute batzuek. Baretasuna eta otzantasuna izan behar dira nagusi, antza. Badirudi ez dela hainbeste igaro 1978ko abenduaren 6tik. Noiz arte jarraituko dugu fartsarekin, ordea? Noiz arte egongo gara bestaldera begira, askapenaren egikaritzea hurrengo egunerako uzten? Batzuek konstituzioaren eguna urteurrenera mugatzen duten bitartean, beste batzuok Durangon izango dugu hitzordua abenduaren 6an, apurketa demokratikoaren eskutik ibilbidea egiten hasteko eguna iritsi baita jada. Amaitu egin behar dira itxurak eta hitz hutsak. Euskal Herri Langileak lepoan duen uztarria kentzeko eta bere ibilbidea jorratzen hasteko garaia da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.