Gerra 1939an bukatu zela esaten dute historia liburuek, hasi nintzaion nabarmen, baina gerrak ez dira inoiz bukatzen, eta hura ere ez da sekula bukatu. Ez nekien nola azaldu. Gerraosteko kontuak etorri zitzaizkidan, idazleak erbestean, ETAren sorrera, Ez Dok Amairu, Ikastolak. Ez nekien nondik hasi, gero galdu egiten naiz, berotu egiten naiz, bihotzak irabazten dit, dena nahasten dut, ahaztu egiten zait gauzak xehe azaldu behar dizkiodala. Jexux Mari Irazuk Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa bateko finalean bota zuen azken puntua etorri zitzaidan hurrena, «zauriak ez dira itxi / ta gerra ez da bukatu», baina ez nuen azalpena larregi korapilatu nahi izan, jada badaki zer diren bertsolariak, zaila da ordea azken puntu hark Anoetako entzule guztiengan eragindako zirrara azaltzea, eta ez nuen gainera hanpatua azaldu nahi, ez dira gerrak bakarrik, ez dira tragediak bakarrik, egunik arruntenak ere halaxe bizi ditut, eta azkenean esaldi bakar bat ekarri nuen ezpainetara, neure lehorrean: ezer ez da sekula bukatzen.
Nola esango dizut? Aitak 18 hilabete zeuzkan gerra hasi zenean, gerra hasi eta laster jaio zen ama. Haien garaiaren semea ere banaiz.
Franco hil zen urtean jaio nintzen.
Jira
18 hilabete
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu