Europa, altxa gaitezen, ah ez, gaur igandea da, iratzargailurik gabe egingo dut lo, izara artean bilatuko zaitut, zakur amorratu hori, grabitate zentroa jango dizut, munduaz ahaztuko naiz pixka batean. Izua: maitasunean ere ordezkoen armada gara. Ez bakarrik lanean, ez bakarrik ohean, ordezkoen armada gara denean. Esamolderik arruntenetan dago dena: merkatuan gaudela esaten dugu bikoterik gabe gaudenean, bila gabiltzanean. Giza baliabideak gara, berriztagarriak.
«Gatazka da ibilbide akademiko-profesionalak artikulatzen dituen indarra. Posizio-hartze taigabeen eremua da, beti bestearen erreferentziaren testuinguruan. Horrela ekoizten da hierarkia eremu honetan. Horrela eraikitzen da ezberdinkeria. Meritokraziak dio ezberdinkeria eta hierarkia indibiduoari dagozkiola. Ikerketa honen abiapuntua beste bat da: ezberdinkeria ez da berezkoa, ezberdintasuna ez den bezalaxe. Biak dira produktu sozialak.»
Eta hor goaz gu, marka ezberdinetako uniforme berdinekin, forma bakarreko, itxura bereko, armada, garai bateko argazkietan jendea trajez jantzita denak berdin ikusita harrituz.
«Familia, hezkuntza sistema eta enpleguaren mundua ez dira lehengoak. Aldaketak, noski, ez dira zerutik erori.»
Jira
Armada
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu