Euskaraz ez, euskaraz ezin da, ez dago modurik, Butler ez dago euskaraz, Bourdieu ez dago euskaraz, Benjamin ez dago euskaraz, Barthes ez dago euskaraz, baina itzultzaile automatiko bat daukagu espainolaren nagusitasuna nabarmentzeko, espainolez ondo sartutakoa gaizki ateratzen da euskaraz, zer da ba hizkuntza alu hau, makinetarako ere ez du balio, hain da erraza espainolez egitea, hain aberatsa, hobe genuke denok Cervantesen hizkuntza aukeratuta, askoz hobe da Butler ingelesez irakurtzea, Bourdieu frantsesez, Benjamin alemanez, eta bestela espainolez, espainolezkoa ez da itzulpena, bigarren originala baizik, euskaraz ez, traketsa geratzen da, baldarra, euskaraz ez dago modurik; Barthesen ama euskalduna ote zen?
Euskaraz ez, euskaraz ezin da, adanismo etengabean bizi da euskalduna, urgentziazko itzulpenak egin behar izaten ditu batek, ez dago eredurik, nola itzuli da hau orain arte, nola ekarri da, nork, non dago, eta azterka hasten da bat, harrapatutako guztia marraskatzen du, ereduzko prosan bizi da, behin batu genuen euskara baina harrezkero majo sakabanatu da, puskak batuz berregingo dute gorpua, eta esango dute: euskaraz ez, euskaraz ezin da, mintza gaitezen euskarari buruz.
Jira
Automatikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu