Datorrena datorrela, aldaketa geuregandik hasiko da, edo ez da hasiko. Eta batzuetan mina handiagoa da, ematen duelako jendeak esan duela ez, ez dugu geure bizitzako lehendakari kargua hartu nahi, har itzazue erabakiak, suspertu ekonomia, ez zaigu axola murrizketak egin behar badira ere, gu ez gaude tartean, gu ez gaude arriskuan, erraztu iezaguzue bizitza; baina zergatik ari naiz pluralean, botoa da bakarka baino egin ezin den gauza horietarik bat, eta, beraz, nork bere botoa ematen du, eta norbere egoera zeinek hobetuko dion pentsatzen du, ez besterik; garbi geratu da, jeltzaleen ordena eta seriotasuna erosi ditu jenderik gehienak, esperoko du onurarik batetik ala bestetik.
Bakarka eta ezkutuan ematen da botoa, bakarka eta ezkutuan bizi gara. Gehienez ere bikotea, familia, lagunak. Handik hara, Raymond Williamsek esan bezala, masa dago, besteak masa dira. Edo Sartrek esan bezala: infernua besteak dira. Gaitz erdi, infernua besteak balira: besteak infernua dira. Baina ez dago masarik: besteak masatzat hartzen dituen ikuspegia baizik. Eta ikuspegi hori ezinbestekoa da esplotazio politiko eta kulturalerako.
Etorkizun komun bat adostu beharra daukagu. Ezin da gerorako utzi etorkizuna.
Jira
Bakarka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu