Hitz berriak ere behar ditugu munduari izena ematen segitzeko, nola izendatu bizitzen ari garen era guztietako atzeraldi hau bestela, ez da krisia, ez du balio, lokauta akaso, eta nola izendatu parke bazterrean pilatzen ari den jende hori, hor bizi dira, supermerkatuko ilaran tokatzen zaizkizu, babarrun pote bi, euro eta erdi pasatxo, eta esku ahurrean bost xentimokoen zutabe dorikoa, eta bi xentimokoak gero poltsikotik, eta xentimo batekoak azkenean, eman beharrekoa osatzeko, nola izendatu pobreak mespretxatzen dituzten elite ekonomiko eta politikoen larderia, eta nola biltzea lortu duten botere demasa hori, eta nola gutako bakoitzak bere bakarrean daraman ezina, eta nola izendatu eguna argitu aurretik izaten den gaueko momenturik ilunena?
Hitz berriak behar ditugu munduari izena ematen segitzeko, eta mundua aldatzen joateko ere hitz berriak behar ditugu, ez konformatu hedabideen bazkarekin, geure kasa pentsatu, mundua ulertzen saiatu eta geuk eman izena munduari, arreta jarri, erne egon, hitz bakoitzaren hitzalak zer dakarren ohartzeko astia hartu, hiztegiak jan, jendeari entzun, asko irakurri, idatzi, irakurri batik bat.
Hitz berriak behar ditugu, eta mundu berria ere bai.
Jira
Berriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu