Zoriona ideia sinplea da, nork bere erara ulertzen du, baina hor dago beti, iparrorratzaren lana egiten du, zorionaren xerka gabiltzala esaten diogu geure buruari, zorionaren bila hartzen ditugula erabakiak, zoriona nahi dugula beste ezer baino lehen. Mila beldur ezkutatzeko estakuru ona da zoriona. Nor bere buruari nahi dituen gezurrak esateko libre da.
Egunkari bete zoritxar dauka munduak egunero, baina gure burua itsua da, eta azkarra, ez ditu ikusten, ez du jakin nahi, ez du arrazoirik bilatu nahi, askoz hobe da dena zoriaren menera uztea, zorteak gobernatu dezala mundua, ez nazala errepide bazterrean utzi botata, ez dezatela ezbeharrik izan maite ditudanek, ez dut gehiegi eskatzen, jarrai dezala honek orain arte bezalaxe, eta lantzean behin, eta ez dadila izan oso lantzean behin, ekar diezadala zori ona, ez dut besterik behar zoriontsu izateko.
Eta zoriontsu izatearekin konformatzen gara. Gutxirekin kontentatzen ikastea gauza handia da, has zaitez lehenbailehen, garai zailak datoz, orain arte zoriontsu izateko aukera ematea eskatzen genion demokraziari, oinarrizko beharrak asetzea, inorena ez zena denontzako izatea. Hori joan da. Denona zena orain inorena da. Ideia sinplea da.
Jira
Denona
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu