Magma hoztua da iragana, harri beltz lakarra, dena bat eta bakarra. Harrizko tipula baten antzera geruzaz osatua egonagatik, ez da azkena besterik ikusten, ezin antzeman zuloak eta geruzak, ezin atera tolesen aztarrenik, ezin jarri datarik mugarriei, tupitua da iragana; ekarri mailu pneumatikoa, hor nonbait behar dute egun haiek, beste guztien hain antzeko, beste guztien hain diferente, hemen behar dute akordura nahi bezala ekarri ezin ditudan egun haiek, udaran sartu berriak ginen, egunkarian irakurri dut, epelak ziren gauak, krisi hotsa aski hedatua zebilen ordurako, kezka zegoen antolatzaileen artean, jendea ez ote zen etxean geratuko.
Iraurgi Saskibaloi Taldeak antolatu zuen Azkoitian lehenengo Garagardo Azoka, 2009ko ekainean. Ostegunez ireki zuten, arratsaldean, eta antolatzaileek uste zutenaren kontra, erruz hurbildu zen jendea garagardoa probatu eta afari-pasara egitera. Jenderik gehiena erretiratzen joan zen poliki-poliki, baina asko geratu ziren bertan, gau epelari garagardo hotza botatzen.
Ixteko ordua iritsi zenean oraindik jende asko zegoen barruan, gizonak ia denak, eta pitxarrak jasoz, pozak,Maiatzaren Lehenean baino beroago, oihuka hasi ziren: E-RE, E-RE, E-RE!
Jira
Diraki
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu