Bere buruaz beste egin duena ez da ordea bat, ez da edozein bat, izena du, ezagutu egin zenuen; orain haren erabakiaren zergatiaz ari zatzaizkio zeure buruari galdezka, alferrik. Ez zuen asko faltako jubilatzeko, belaunetatik zebilen izorratuta. Eta bizitzeko ohitura albo batera uzteko arrazoirik behar ez dela jakinda ere, bere buruari tiro egiteko adinako nahigabea zerk ekarri zion jakin nahiko zenuke. Nola jausi ziren, zeinek bota zizkion geratzen ziren heldulekuak. Emaztea gaixo zeukan, azkena ikusi zenuenean. Orain hobeto dagoela esan dizute. Ondo ikusten zela bera ere, ez zuela itxura txarrik.
Ireki zenetik Artelekuko mantentze lanetan ibilia, lantokiz aldatuko zutela abisatu zioten iazko urtearen amaiera aldera, beste norabait eramango zutela, han ez zegoela harentzako lanik, ez zegoela haren beharrik. Ez zen bakarra izan. Despedidako afaria egin genuen maiatzean, baina ez geunden gaitako, ez geneukan ezer ospatzeko, elkar ezagutu izana besterik. Ez nekien ikusiko nuen azken aldia izango zenik. Hala izan ohi da beti.
Edozertara jartzen da bat, eta horixe da gerta dakiokeen gauzarik txarrena. Edozertara ohitzen da, eta bere buruaz beste egitea da benetako erabaki bakarra.
Jira
Erabakia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu